Horrekin hasi aurretik, kanpainaren balantze bat egin nahiko genuke. Duela hilabete eskas hasi zuen Amaiur-ek bere ibilbidea. Bere erronka nagusia euskal herritarrekin zubia eraikitzea zen, eta datuak ikusirik, zinez lortu dugu.

Hego Euskal Herriaren luze zabalean milaka lagunen babes eta berotasuna lortu dugu. Milaka lagunek hartu dute parte Amaiur irudikatzen duen zubiaren eraikuntzan. Kanpaina amaitzear den honetan, honako datu probisionalak luzatzeko moduan gaude: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako geografia osoan 240 ekitaldi inguru burutu ditugu. Horietan 41.800 lagun inguruk hartu dute parte. Bizkaian 85 ekitaldi burutu dira, 8.500 lagunen parte hartzearekin. Nafarroan 55, 6.300 lagunekin. Araban 30, 4.000 lagunen parte hartzearekin. Gipuzkoan azkenik, 70 ekitaldi burutu dira, 8.000 lagunen parte hartzearekin.

Datu hauei Donostiako Belodromoan buruturiko ekitaldi jendetsua gehitu behar zaie, 15.000 lagun inguru bildu zituena. Gaurkoan ere, kanpaina ixteko dozenaka ekitaldi burutuko dira.

Horretaz gain, internet-en ere jardun mardula izan du Amaiur-ek. 100 bideotik gora igo ditu koalizioak YouTube-ra, 48.000 ikustaldirekin. 1.200 argazki igo dira Flickr-era, 192.000 ikustaldirekin. Amaiur.info webguneari dagokionez,: 30.000 bisitari ezberdin izan ditu, eta 100.000 orrialde bisitatutik gora.

Eta igandeari begira, Amaiur-ek jasoko dituen ehunka milaka botoak zenbatzeko milaka bolondres izango dira Hego Euskal Herriko mahai guztira. Bizkaian 2.500, Araban 800, Nafarroan 1.000 eta Gipuzkoan 1.200. Orotara, 5.500 lagun.

Lan izugarria egin da, eta horregatik, zorionak Euskal Herria!

@ehbilducongreso