Gaur Nekazarien Borrokaren Nazioarteko eguna da. Gaur bezalako egun batez, lurraren alde borrokan ari ziren 21 baserritar hil zituzten Brasilen, eta hilketa haien arduradunak oraindik ez dituzte zigortu. AMAIURrek bat egiten du gaur egingo diren protestetan, mahai inguruetan zein bestelako ekintzetan egingo diren aldarrikapenekin. Mundu guztian egingo dira gaur lurraren aldeko aldarrikapenak, baita Euskal Herrian ere.

Protesta hauek guztiek nekazaritza eta elikadura sistema berria eskatzen dute; izan ere, kapital trasnazionala gero eta leku gehiago hartzen ari da arlo honetan.

Hain zuzen ere, bizi dugun ingurumen, ekonomia eta gizarte krisi larri honek aldaketa osoa ekarriko duen estrategia behar du. Superpotentzia ekonomikoek ahal dituzten baliabide guztiak euren esku izateko ofentsiban dihardute, batez ere lurraren okupazioan. Beraiek aberasten diren bitartean, nekazariak gero eta gehiago hondoratzen dituzte, eta nekazari gazteei instalazio berrietarako lekua ukatuz.

ENPren erreforma egiten ari da Europa, baina merkatuaren desorekan sakontzen jarraitzen du, prezioak lurrunkorrak dira, laguntzen banaketa ez da justua (%20k, laguntzen %80ª jasotzen dute), ekoizteagatik ordaindu beharrean lurrak izate hutsagatik ordaintzen dute... Horregatik guztiagatik AMAIURrek nekazaritza erakunde gehienek eskatzen dutena babesten du: Europar Batasuneko nekazaritza eta elikadura politiken zutabeak guztiz aldatzea.

Egungo politika ez da zilegia. Nekazaritza eta elikadura politikek jendartearen eta ekoizleen interesak babestu behar dituzte merkatuaren erregulazioaren aldeko apustua eginez, ekoizle txiki eta ertainei lagunduz, laguntza kopuruaren gehienekoa Batzordeak dioenea baino estuago mugatuz, lanpostuak sortu eta ekoizpen sistema iraunkorrekin zein agroekologikoekin elikagaiak ekoizten dituztenak bultzatuz. Azken batean, elikadura subirautzaren alde egin behar da Euskal Herrian zein munduko beste edozein herritan.

@ehbilducongreso