Amaiurrek agerraldia egin du gaur goizean Iruñeako Conde Rodeznoren omenezko plazan, Espainoaren alde eroritakoen monumentuaren aurrean, memoria eta justizia aldarrikatzeko.

 

Amaiurren hautagaiek irakurritako testua:

Hauteskunde kanpainaren azken eguna dugun honetan toki esanguratsu honetara hurbildu gara AMAIUR koalizioaren haugaiak atzoko eta gaurko alkate abertzale eta ezkertiarrekin batera UPN-PP eta PSOE alderdiak gure memoria historiarekiko erakusten ari diren jarrera ukatzailea salatzera. 30 urte baino gehiago daramatzate frankismoan gertatu zena ahantzi nahaian, Franco beraren oinordekoekin adostu eta sinatu zuten Erreforma politikoari zilegitasuna eman asmoz. 30 urte luze hauetan diktaduraren errepresioa pairatu zutenak borreroekin batera bizi behar izan dute, askatasunaren alde borroka egin zutenen aurkako batzuen irainak eta besteen utzikeria jasaten.

Oraindik orain gure herrian faxismoa bizirik dagoela gogorarazten digun Eraikin honen aurrean elkartu gara; Iruñeako herriaren borondateari muzin eginez UPN-PPk 36. urteko sarraskian hiltzaile nagusietakoa izan zen Rodeznoko Kondearen izenarekin mantentzen duen enparantzaren ondoan. AMAIUR koalizioko hautagaiak honera gatoz demokraziaren alde borrokatzeagatik erailak izan zirenen memoria aldarrikatzera. Saiatu diren arren, ez dute lortu orduan errepresaliatuak izan zirenen ahotsa isilaraztea, ezta beraien borrokaren testigantza zabaldu duten senitarteko, lagun eta herri elkarte eta mugimenduena ere. Iraganaren ahotsa isilarazi nahi dute Frankismoaren oinordekoak UPN-PP eta PSOErekin adostu zuten Konstituzioa eta Foru Hobekuntzari label demokratikoa emateko. Ez dute lortu, ezta lortuko ere. Gaur eta hemen, memoria historikoa berreskuratzeak esan nahi du benetako demokrazia baten alde lan egitea, guztion eskubideak eta herritarrek beraien etorkizuna modu librean erabakitzeko izan behar duten ahalmenaren alde egitea.

Tamalgarria izan arren, gogoratu beharrean gaude 30 urteren ondotik UPN-PP eta PSOEren Gobernuek ez dutela frankismoaren errepresioa pairatu zutenei zor zaien egia, justizia eta erreparazioa gauzatu. Aitzitik, errepresaliatuak izan zirenen memoria eta beraien ideia zein konpromezua ezagutu eta zabaldu bada hori izan da milaka eta milaka herritar xumeek egindako lan ixilari esker. Gaur esan genezake ilusioz ikusten ari garela nola justizia eta askatasunaren alde egiteagatik bizia eman zutenen ideiak belaunaldiz belaunaldi gure herrian sustrai sendoak hartu dituztela. AMAIURREN azken helburua ere horixe da: justizia eta askatasunaren alde bizia eman zuten guztien ametsak egi bihurtzeko auzolanean geure ekarpena egitea. Horretarako bildu gara une historiko garrantzitsu honetan geure burua soberanistatzat eta ezkertiartzat dugun herritar eta erakundeak, bakoitzaren interesen gainetik herritar gehienen interesak lehenetsiz.

Ez da beti erraza suertatzen ezberdinen arteko elkarlanean aritzea, baina horixe bera da herritarrak eskatzen digutena, eta erantzunkizun horrekin jokatzeak ematen dio indarra AMAIURREN hautagaitzari. AMAIUR eskuinak Nafarroan izan duen hegemoniari amaiera emateko sortu da. 2011.urteko Azaroaren 20a, faxistek Franko diktadorea ohean hil zeneko 36. urteurrenaren egunean bertan idatziko da Nafarroan eskuinaren porrotaren hasiera. Azaroaren 20an eman boza demokraziari, eman boza memoriari, eman boza ezkerreko aldaketa politiko eta sozialari.

Alkateek irakurritako testua:

Egun Alkate garen eta iraganean alkate izan garen gizon eta emakumeak bildu gara hemen gure babesa eskaintzera aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko osatu den AMAIUR koalizioari. Herritarren ordezkari zuzenak garen heinean, oso gertutik ezagutzen ditugu egunerokoan gure udalerrietako bizilagunak dituzten kezka eta arazoak. Gure lana baita Udalak beraien esku dituzten bitarteko urriak, gure gainetik dauden Gobernuek egunetik egunera murrizten ari diren bitarteko urriak hain zuzen ere, herritarren gehiengoaren bizi kalitatea hobetzeko kudeatzea. Jakitun gara gero eta herritar gehiagok bizi duten egoeraren larritasunaz, langabeziaren gorakadaz, prekarietatearen hedapenaz, gizarte zerbitzuen okertzeaz. Gure arduragatik dugun ezagutzak ematen digun zilegitasunarekin ozen aldarrikatu nahi dugu gure herritarrek dituzten arazo larri guzti hoiek konpontzen hasteko bidea zalantzarik gabe bizi dugun egoerak eskatzen dituen politikak ezartzeko marko politiko berri eta burujabe bat eraikitzetik pasatzen dela.

Horregatik, inork baino hobeto ezagutzen ditugulako gure herritarren nahiak eta ametsak, hainbat une historiko garrantzitsuetan alkateoi egokitu zaigu gure herriaren aurrean aurpegia ematea eta dimentsio haundiko paper politiko bat jokatzea. Hala suertatu zen II. Errepublikaren garaian, Udalek tresna garrantzitsua izan zirenean nekazari eta langileen bizi baldintzak hobetzeko abiatu ziren erreformak gauzatze bidean, eta gainera Udaletatik ekin zitzaionean laurak bat ametsa gauzatu nahi zuen lau lurraaldeetarako Euskal Estatutoaren elaborazioan, gerora faxisten jukutriek hondoratu zuten proiektua hain zuzen ere. Franco hil berri zenean ere Alkateen Taldean bildu zirenak bere ekarpena egin zuten gure nazioaren eskubideen aitortza osoan oinarrituko zen benetako demokraziaren alde, alderdi politikoen arteko gaizki ulertze eta zatiketak porrotera eraman zuten egitasmoa hau ere.

Gaur hemen bildu garenok, apaltasun osoz baina gure herriak bizi duen une politikoaren garrantziaz jabeturik, deialdi argi bat egin nahi diegu herritar orori Euskal Herrian ireki den aro berriak askatasuna eta bakea eskuratzeko eskaintzen duen aukera gauzatze bidean konpromiso sendoa hartzeko. Herri gisa pentsatu eta herri gisa aritzeko garaiak dira bizi ditugun haiek. Horregatik eskatzen dugu azaroaren 20an AMAIURRI boza ematea, bakoitzaren interesen gainetik herri osoaren interesak lehenestea erabaki duen indarra delako. Guztion artean igandea urrats haundi bat egin dezakegu aldaketa politiko eta sozialaren norabidean. Eman boza AMAIURRI.

Bertan egon diren alkateak:

Pedro Huarte (Zizur Nagusiko alkate ohia)

Xabi Lasa (Berriozarko alkatea)

Fermin Arandigoien (Oteiza de la Solana alkate ohia)

Manolo Campos (Etxarriko alkate ohia)

Unai Lako (Agoitzko alkatea)

Joxi Bakaikoa (Etxarriko alkatea)

Gurutze Rodriguez (Olaztiko alkate)

Pablo Llorens (Bargotako alkate ohia)

Kirio Gastearena (Atarrabiako alkate)

Garbiñe Elizegi (Baztango alkate)

Pablo Miranda (Goizuetako alkatea)

Maria Pilar Belzunegui (Agoitzko alkate ohia)

 

@ehbilducongreso