Amaiurreko senatariak aurreratu du euskal koalizioak PPren egitasmoaren aurka bozkatuko duela Kosta lege berriak "arriskuan" jartzen dituelako Urdaibai, Txingudi, Jaizkibel edo eta Zumaiako biotopoa.

Alberto Unamunzagaren arabera Alderdi Popularraren asmoa ekosistemen suntsiketa legeztatu eta espekulazioa sustatzea da. Bere esanetan proiektuak kalte handia egiten dio euskal kostaldeari eta arriskuan jartzen ditu babesturik dauden Urdaibai, Txingudi, Zuamaiako Biotopoa eta Jaizkibel bezalako natura guneak.



 

Unamunzagak behin eta berriz adierazi du Espainiako gobernuaren helburua interes partikularrei mesede egiten dien higiezinen espekulazioa sustatzea dela. Senatari subiranistaren esanetan padurak, gatzagak, dunak eta itsaslabarrak heriotzara kondenatu nahi ditu Alderdi Popularrak.

Are gehiago, Unamunzagak adierazi duenez lege proiektu hau Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernuaren aurkakoa da lurralde antolakuntzari dagozkigun eskuduntzak zapaltzen dituelako.

Euskal diputatuaren ustez gainera, "zentzugabeki" jokatzen ari da Rajoyren gobernua, besteak beste "Europako Batasunak defendatzen duen babes edo zaintza printzipioaren kontrakoa delako" eta aldaketa klimatikoaren ondorioei aurre egiteko neurriak indargabetzen dituelako.

@ehbilducongreso