Lehenik eta behin, Amaiurrek adierazi nahi du berriz ere agerian geratu dela Alderdi Popularraren gobernua Europako kapitalaren frankizia hutsa dela.



Espainiako gobernuak orain arteko akats bera egiten jarraitzen du. Bere politika ekonomikoek porrot egin dute eta gaur hartu dituzten neurriek atzeraldia, langabezia eta pobrezia handiagoa ekarriko dute.

Ministro kontseiluak hartu dituen neurriak sakon ezagutu arte gure koalizioak bi gauza azpimarratu nahi ditu:

- Alderdi Popularrak estatua berzentralizatzeko ofentsibarekin jarraitzen du. Horren adibide garbia dira tokiko administrazioen eta merkatuaren batasunerako erreformak.

- Gaur onarturikoa larria bada ere, horren larria edo eta are larriagoa da iragarri dutena. Ezkutuko agendaz ari gara. Zehazki, gaurko eta etorkizuneko pentsiodunei kalte egingo dien pentsioen sistemaren erreformarako oinarriak jartzen dituen txostena.

Beraz eta laburbilduz:

Porrot egin duten politika ekonomikoekin aurrera jarraitzen du Espainiako gobernuak. Politika horiek langabezia, pobrezia eta desberdintasun sozial gehiago ekarriko dute. Astakeria galanta. Horregatik guztiagatik, Amaiurrek dei egiten die euskal herritarrei kalera irten, mobilizazioetan parte hartu eta Alderdi Popularrari ezetz borobila esan diezaioten. Egunez egun ageriago geratzen ari da gure herriak burujabetza politiko, ekonomiko eta soziala beharrezkoa duela.

@ehbilducongreso