ERCk, BNGk eta Amaiurrrek herrien autodeterminazio eskubidea onartzeko legez besteko proposamena aurkeztu dute gaur Bartzelonan batera eskaini duten prentsaurrekoan.

Hau da erabakitze eskubidearen eztabaida Espainiako kongresura eraman nahi duten hirugarren aldia. Izan ere, aurretik aurkezturiko bi lege proposamenen tramitea atzera bota baitu Alderdi Popularrak kongresuko mahaian duen erabateko gehiengoari esker.



Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak adierazi duenez "gero eta gehiago dira erabakitze eskubidearen alde dauden herritarrak". Ildo horretan, bere ustez "argi geratzen ari da PPren izaera absolutista" eta gehitu du "Espainiako gobernuak eman nahi duen sendotasun itxuraren atzean bere ahulezia baino ez dagoela".

Euskal diputatuaren arabera "PPk ezin du herri baten borondatea zapuztu mehatxu legal edo militarrekin".

Kazetarien galderei erantzunez, Amaiurreko diputatuak EAJ kritikatu du "indar subiranistekin baino nahiago duelako PSOE eta PPri begiratu".

Bere interbentzioa bukatu aurretik Inarrituk adierazi du "lehenago edo geroago Kataluniak, Galizak eta Euskal Herriak euren etorkizunaz erabakiko dutela. Espainiako estatuari gustatu ala ez".

@ehbilducongreso