Urte bete baino gehiago "tramitatzen" egon ondoren, erresoluzio labur baten bidez esan digute gure helegitea tramitatzerik ez dutela onartu. Pentsatzekoa da, erabaki hau, gaia ez sakontzeko aitzakia izan dela. Izan ere, gaia sakon aztertzen badute, juridikoki gure eskaerari arrazoia eman beharko diote. Esan genuen duela urte bete: badago hala dioen jurisprudentziarik. Antzerako zenbait kasutan gaia sakon aztertu dute, baina oraingo honetan ez.



Alderdi juridikoari erreparatuta beraz, esan dezakegu Auzitegi Konstituzionalak urtebete eta erdi behar izan dituela lau lerroko inprimaki bat idazteko. Bertan, LOTCren artikulu bi aipatzen ditu oinarrizko eskubiderik ez dela urratu justifikatzeko.

Madrilera heldu orduko ere bagenekien, gure presentzia ez zela erosoa izango "establishmentarentzat"; argi esan baikenuen Euskal Herriaren subirautzaren aldeko mezua eramango genuela, eredu sozioekonomiko justuagoaren aldeko aldarrikapena egingo genuela neoliberalismotik urrunduz eta salbuespenik gabe defendatuko genituela giza eskubide guztiak, salbuespenik gabe.

Lehen egunetik ikusi genuen Alderdi Popularrak nola isildu nahi izan gintuen gure kontra AMAIURri ez dagozkion iraganeko zenbait kontu erabiliz. Egin ditugun galdera zein interpelazio guztietan jaso ditugun erantzunak horren adibide dira. Alderdi Popularrak, Espainiako Gobernuak eta Estatuak berak, euren teilatuari harrika egiten diote jarrera horrekin.

Haien haserrea eta frustrazioa, beldurra eta ahultasuna, AMAIURren gainera botatzen dituzte zehazki, baina Euskal Herriko ezker subiranistaren gainera orokorrean. Horretarako, gu deskalifikatzen ari dira nahi eta ezinean, gure mezua estali nahian, erakutsi asmoz.

Ez da kasualitatea Auzitegi Konstituzionalak, hain zuzen ere, orain, argitaratzea erabaki hau. Guztiok entzun dugu azkenaldian nola dabiltzan PP eta Espainiako Gobernua, eta nola gogortu duten AMAIUR eta EHBILDUren kontrako mezua.

Urte eta erdi honetan, ez dute gu isiltzerik lortu, eta gainera, kontraesanak sortu dizkiegu. Izan ere, iritzi publikoak adierazi duenez, PPren diskurtsoa, zein antzerakoa dioten beste talde politiko batzuena, AMAIURren gertatzen ari denetik oso urrun dago; baita Euskal Herrian abiatu den aro politiko berritik ere. PP eta Espainiako Gobernua iraganean iltzatuta daude.

Ederto bada. Ez dute gu isiltzerik lortu eta lortu ere ez dute egingo. Gure ahotsa argi eta garbi entzungo da Espainiako Diputatuen Kongresuan: zuzentasunez, euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko edo autodeterminazio eskubidea gauzatzeko duen eskubidea defendatuz, edozein pertsonak duintasun osoz bizitzeko duen oinarrizko eskubidearen alde, Ongizate Estatua izateko eskubidearen alde. Ziur egon, AMAIURrek guzti horren alde egingo duela borroka, eta aukeren berdintasunaren alde zein diskriminazio guztiak desager daitezen lan egingo duela.

Alderdi Popularrak badaki AMAIUR edo EHBILDU dela gure herriaren alternatiba. Badaki aldaketaren buru izan gaitezkeela arlo guztietan. Badaki herritarren ondoan gauden indarra garela, jende arruntaren ondoan. Herriarekin eta herriarentzat lan egiten dugula.

Estatua ez da konturatu Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ez dela AMAIURren kontrakoa, euskal gizarteko zati handi baten kontrakoa baizik. Gehiago esatera ere iritsi gaitezke, baita AMAIURrek ateratako 330.000 boto baino gehiagoren kontrakoa ere.

Horregatik egiten diegu dei argia Mariano Rajoyri, bere gobernuari eta Alderdi Popularrari:

Ez alperrik galdu zuen indarra, lana eta ahalegina, Euskal Herrian azken hauteskunde orokorretan izandako alderdirik bozkatuarenaren kontra. Ez alperrik ibili 330.000 gizon emakumeren ahotsa isildu nahian.

Hobe duzue zuen herrian dauden arazoak konpontzea: langabezia, pobrezia, atzerapen ekonomikoa, herritar guztiek hezkuntza, osasuna zein gizarte zerbitzuak berdintasunez jasotzeko ezintasuna...

Orain arteko bidean jarraitzen badute, eta badirudi asmo hori dutela, legegintzaldia amaitu egingo dute eta gure ahotsa oraindik eta indartsuagoa dela ohartuko dira. Euskal Herria subirautzatik, Europaren barruan independiente izatetik hurbilago dagoela, alegia. Eta zuek, zuen eskuetan huts egindako estatu hori baino ez duzue izango, babesik gabeko eta mindutako herritarrez beteta.

 

@ehbilducongreso