"Errealitate jakin batzuk aitortzeko garaia da. Gatazka mingarri baten ondorioak zehazteko garaia da. Irtenbide garaia da". Hauek izan dira Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin izandako eztabaidan euskal senatariak egin duen interbentzioaren lehen hitzak.

Jarraian Goioagak adierazi du "ez Rajoy, ez bere talde parlamentarioa, ezta senataria bera ere (Goioagak), ez direla egia osoaren jabe eta ez dutela sufrimenduaren monopolioa". Eta erantsi du memoria eta egiaz ari garen une honetan "badela egia bat euskal herritar gehienek onartzen dutena, inkomunikazio egoera bizi izan duten ehunka pertsonen sufrimendua, alegia".



Senatari subiranistaren arabera "justizia ez da tortura salaketak ez ikertzea, ez eta pertsona jakin batzuk zigortzeko asmoz torturapean lorturiko aitorpenak auzi penaletan erabiltzea, ez eta torturengatik zigorturikoak indultatzea, ez eta batzuei salbuespenezko neurriak aplikatzea beste batzuei induljentzia aplikatzen zaien bitartean".

"Batzuei hainbeste gustatzen zaien zoru etikoaz" aldiz, Amaiurreko senatariak adierazi du zoru hori "ez dela bota militarrek zapaltzeko, ez eta horren aitzakiaz bortxaketak burutzeko ere".

Iñaki Goioagaren ustez "torturak ez onartzea bere kontradikzioak onartzeko gai ez den estatuaren ahultasunaren seinale da" eta erantsi duenez "ez onartze hori demokrazia ezaren eta zuzenbide estatuaren porrotaren erakusgarri da". Senatari subiranistaren iritziz "deigarria da errealitate hori estali asmoz iraina erabili behar izatea batzuek".

Bere interbentzioa bukatu aurretik Goioagak esan du "erreparazioaz hitz egiten den garai honetan ezinbestekoa dela guztion artean eraikitako normalizazio eta elkarbizitza esparru bat eraikitzea". Bere hitzetan "esparru hori demokratikoa litzateke eta ez inposaturikoa".

"Euskal Herrian mundu guztiak onartzen duena aitortzea urrats bat litzateke, hau da, tortura existitzen dela", esan du Iñaki Goioagak.

@ehbilducongreso