Rafa Larreinak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu dio Merkeli, Troikari eta Europaren "suntsipenerako" bide honi hortzak erakutsi, eta herritarren interesak defendatzen zentratu dadila.

Amaiurreko Diputatuak gogor kritikatu ditu Espainiako Gobernuak onartutako azken neurriak, harri berean behin eta berriro estropozuka ari delako. Larreinaren iritziz, Rajoyren murrizketek atzerapen ekonomikoa, langabezia eta krisia areagotuko dituzte.



Zentzu horretan, diputatu euskaldunak esan du lan erreforma "gaurko ogia eta biharko gosea" izan dela. Finantzen erreformari buruz, ostera, Larreinak azpimarratu egin du erreforma hori banketxeen interesen arabera egin dela. "Agian, banketxeetako administrazio kontseiluak eta aseguru etxe pribatuak Espainiako ministro ohiz beteta daudelako izango da", gaineratu du.

Larreinaren berbetan, Rajoyk bakarrik jokatzen ari denean ere tranpa egiten du, eta adibide bat ipini du: iaz, PFGZren ordainketa atzeratu egin zuen Gobernuak kontuak ondo atera zitezen.

Gainera, Amaiurreko Diputatuak aholkua eman dio Espainiako Gobernuko Presidenteari: jar dezala banku publikoa martxan PYMEak, autonomoak eta herritarrak finantzatu ahal izateko. "Independentzia nahi dugu, baina espainiar estatuak arduratzen gaitu. Gogo eraikitzailez gatoz", esan dio presidenteari.

Larreinak maiatzaren 30ean Euskal Herrian egingo den greba orokorra defendatuz amaitu du bere berbaldia.

@ehbilducongreso