Lehenengo eta behin, gure deialdiarekin bat egin izana eskertu nahi dizuegu. Komunikabide batzuk argitaratu duten bezala, Amaiurreko diputatu eta senatari hautatuak Kongresura eta Senatura joango gara bihar gure aktak hartzera.

 Azaroaren 20ko hauteskundeen balorazioa egitean eta Amaiurrek lortu zituen emaitza ikaragarri onen balantzea egitean esan genuen bezala, jakitun gara zer aurkituko dugun Madrilen: gehiengo zabala izanda Euskal Herriarekiko lehen jarrera hartu duen PP; hau da, Amaiur lehen harremanetarako bilera-txandatik kentzea eta lortu ditugun 333.624 botoak isilarazteko ahaleginak egitea, talde propioa izatea ukatuz.

Euskal gizartea konponbideen prozesuan urratsak emateko exijitzen ari denean, oso larria da PPk zaharkituta dauden dinamikei eta errezetei heltzea. Hego Euskal Herrian ordezkaritza handiena izan duenak ahots eta talde propioa izateko PPk salbuespenezko neurriak ezarri nahi izatea eskandalagarria da.

Kezkatzeko modukoa da, azken urteotako dinamikari eutsi nahi dion alderdia ageri baita jarrera horren atzean; ukazio jarreretan jarraitzen duena, gure herriaren gehiengoak pentsatzen duenari bizkarra emanez.

Hala ere, eta zenbaitzuk ezarriko dituzten traba eta oztopo sasi-legezkoen gainetik, Amaiurrek tinko eutsiko die euskal gizartearekin hartutako konpromisoei. Era berean, Amaiurrek ez die huts egingo beraien konfiantza gugan jarri duten Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 333.624 herritarrei.

Bihartik aurrera, Amaiurrek honako mezu hau eramango du Madrilera: jar dezatela arreta handia euskal gizartean aldarrikatu eta eskatzen duenari. Albo batera utz dezatela oztopoak ezartzeko jarrera hori eta errespeta dezatela euskal gizarteak emandako hitza. Erantzukizunez joka dezatela, gure herrian ireki den eszenatoki berriak eskainitako aukera baliatzeko.

Azken hauteskundeak testuinguru zehatz batean egin dira; erresoluzio prozesua abian da gure herrian eta, era horretara, herritarrek prozesuarekin lotu dituzte hauteskunde hauek. Hala, Euskal Herrian gertatzen ari den aldaketa gidatzeko pertsona abertzale eta ezkerrekoek duten lidergoa indartuta atera dela deritzogu. Euskal gizarteak horretarako ardura nagusia eman digu.

Eta, zalantzarik gabe, Amaiurrek konponbidearen zerbitzura jarriko du lortutako babes guztia. Azken hilabeteotan adierazi dugun bezala, Amaiurrek Madrilera eramango duen mezua, Moncloako maizter berriari, Zarzuelako Jauregira, Kongresura eta Senatura eramango duen mezua, izango da herri honek bizi duen gatazka gainditzeko aukera ezinhobe baten aurrean gaudela eta aukera hori baliatzen jakin behar dela.

Horretarako, Euskal Herriari eta euskal herritarrei dagozkien eskubide guztien aldarrikapena eta defentsa egingo dugu, eta izaeta historikoa duen gatazka gainditzeko oinarriak eramango ditugu; hau da, Euskal Herria nazio gisa aitortzea eta modu zilegian eta demokratikoan dagokion erabakitzeko eskubidea onartzea. Azken baten, Euskal Herriko herritarren hitza eta erabakia errespetatua izatea exijituko dugu Madrilen.

Errespetuaren eta eskubideen defentsa izango dira gure jardueraren ardatzak. Era horretara, eta bizi dugun krisi egoera larri honetan, Amaiurren lanaren lehentasunetako bat izango da euskal gizartearen eskubide sozialaren aldarrikapena eta defentsa.

Horiek dira euskal gizartearekin hartu genituen konpromisoak eta horiek dira bihartik aurrera Madrilen praktikan jarriko ditugun konpromisoak.

@ehbilducongreso