Atzo akreditazioak hartu ondoren, Kongresuko kideek karguak hartu eta Kongresuko Mahaia osatzeko saioa izan da gaur Madrilen. Amaiurreko diputatuak bertan izan dira, Sabino Cuadra izan ezik, arrazoi pertsonalak medio ez baita bertaratu.

Mahaia osatzeko saioaren ondoren Kongresuan Amaiurren bozeramaile izango den Xabier Mikel Errekondok adierazpenak egin ditu.

Errekondok gogoratu du Amaiurrek Hego Euskal Herriko lau probintzietako ezkerreko euskal herritarrak ordezkatzen dituela eta Kongresuko gainontzeko alderdiekin harreman normalizatuak edukitzeko asmoz joan dela Madrilera.

Zentzu horretan, zehaztu du Amaiur alderdi guztiekin saiatu dela harremanak izaten, zoritxarrez oraindik zalantzan dagoen talde parlamentarioaren osaketari buruzko iritziak jaso asmoz. Errekondok azaldu du denen aldetik oso erantzun positiboak jaso dituztela, nahiz eta PP eta UPyDk oraindik ez duten erantzunik eman.

Aurreko egunetan esan bezala, Amaiurreko bozeramaileak adierazi du PPk jarrera irekia izatea espero dutela, ukazioaren garaiak behin betiko atzean utziz, egoerak eskatzen duen maila eman dezala eskatu dio alderdi popularrari.

Talde parlamentario propioa izatearen zalantzari buruz esan du, bere ustez Amaiurrek euskal gizartearekiko hartutako konpromezuak bete ahal izateko tresna guztiak erabiltzeko eskubidea izan behar lukeela. Kazetarien galderei erantzunez, Errekondok baieztatu du EAEko hiru probintzietako 6 parlamentarioekin talde propioa osatzeko eskaera egingo duela Amaiurrek, baina argi utzi nahi izan du, koalizioak Hego Euskal Herriko lau probintzietako herritarren ordezkaritza egingo duela Kongresuan.

@ehbilducongreso