Espainiako Kongresuko Mahaiak hartutako erabakiaren ondotik, Amaiurrek helegitea aurkeztu du gaur. Xabier Mikel Errekondo koalizioko bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini du arratsaldean errekurtsoaren nondik norakoak azaltzeko.

Errekondok azaldu duen bezala, Amaiurren ustez, Espainiako Kongresuko Mahaiak hartutako erabakia erabaki soilik politikoa eta ukatzailea da. Ebazpena oinarri juridiko ahuletan oinarriturik dago eta, beraz, PPren jarrera oztopatzailea agerian uzten du beste behin ere. “Inork pentsatzen bazuen PPk Amaiurri aukera emango ziola euskal gizartearen ahotsa entzunarazteko, oker zegoen”, adierazi du Errekondok.

Dena den, eta Mahaiaren ebazpena ezagututakoan esan bezala, Amaiurrek lanean jarraitzeko borondate osoa agertu nahi du. Amaiurrek lanean jarraituko du euskal gizartearekin hartutako konpromisoak betetzeko eta PP konponbidearen agertokira ekartzeko. Izan ere, ezin uka daiteke PP ezinbesteko eragilea dela konponbide prozesuan, Espainiako Gobernua osatuko duen heinean, erantzukizun handia izango baitu.

Aurkeztutako helegitean Amaiurrek gogor salatu du PPko kideen jarrera arbitrarioa; zerbitzu juridikoek aukeratzat jotzen zituzten erabakiak betebehar bihurutu dituzte PPko ordezkariek. Gainera, Amaiurren ustez zabaltzazkoa da, ebazpena hartzeko erabili den txostenak zerbitzu juridikoen sinadurarik, zigilurik eta datarik ez izatea.

Errekondok txosten horretan bertan aipatzen diren zenbait aurrekari ere ekarri ditu gogora. Izan ere, Nafarroan botoen %15 lortu ez izana erabili du PPk Amaiurri talde propioa osatzeko aukera ukatzeko. Errekondok azaldu duenez, ordea, aurrekari batzuetan oinarrituta beste aukera batzuk zeuden, eta hala jasotzen du txostenak berak.

Hona hemen Amaiurrek jarritako helegitea osorik:

 

@ehbilducongreso