Espainiako Gobernuak hartu dituen neurri ekonomikoen aurrean, Amaiurrek honako hau adierazi nahi du:

1. Hartutako neurrien aurreko gure kontrakotasuna, izaera ekonomikoa eta soziala daukan krisi hau eragin duten politika neoliberalen jarraipena eta sakontzea baino ez direlako.

2. Neurri horiek murrizketa sozial gehiago dakarte eta, beraz, langileriari eta, batez ere, baldintzarik eskasenetan dauden herritarrei eragiten die.

3. Alderdi Popularraren gobernuak hartutako neurriek, aurretik PSOErenak hartu zituenak bezalaxe, agerian uzten dute euskal herritarrok ezin dugula irtenbiderik espero Madrilgo erakundeetatik.

4. Horregatik guztiagatik, Euskal Herriarentzat ekonomia arloko marko subiranoa sustatzeko beharrean berresten da Amaiur. Marko horrek jaso beharko lituzke zerga, lan eta babes sozialerako sistema propioak.

5. Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua izateak berarekin dakar arlo horien gainean erabakitzeko esparru propioa izatea. Eta, beraz, lanaren eta aberatasunaren banaketan oinarritutako politikak bultzatu ahal izatea, sektore publikoa indartzea eta erreforma fiskal sakona eta progresiboa egiteko aukera izatea.

6. Horrenbestez, Amaiurrek bestelako eredu sozio-ekonomiko alternatibo baten alde egiten du, elkartasunean, justizia sozialean, ingurumenarekiko errespetuan eta herritarren parte-hartzean oinarritutakoa.

@ehbilducongreso