PPko Gobernuak krisiaren aurka hartutako neurrien inguruko lehen lege-dekretuaren baliozkotzeari ezezko botoa emango dio Amaiurrek. 

Boto honekin Amaiurrek bere oposizioa agertu nahi dio ezarri nahi duten neurri-multzoari eta abian jartzen ari diren politika antisoziala eta erregresiboa salatu nahi du, herritar gehienen aurkakoa dena: langileen aurkakoa, autonomoen aurkakoa, dendari txikien aurkakoa, enpresa txiki eta ertainen aurkakoa eta, oro har, langileriaren eta erdi mailako klasearen aurkakoa.

Hauek dira, neurri hauen aurka egoteko koalizioak aipatutako arrazoiak:

Lehenik eta behin, Estatu espainiarreko krisiaren oinarriei buruzko diagnostiko oker baten fruitu direlako. Beraz, ez dira arazoaren erroetara iristen eta sektore espekulatzaileetan —banketxeak, eraikuntza— oinarritzen den estruktura sozio-ekonomikoa betikotzera jotzen dute, sektore produktiboei bizkar emanez. Egitura hori burbuila instituzional batean oinarritzen da, eta horrela betikotu egiten da orain arteko administrazio zentral-autonomikoa, sozialki eta ekonomikoki erabat ezeraginkorra dena, nazio edo nazionalitate historikoen kasuan izan ezik; gainera, porrota ekarriko duen defizit estruktural bat sortzen du, ondorioz, estatu espainiarraren hondamen ekonomikoa ekar dezakeena.

Bigarrenik, neurri-multzo horrek zero defizita lortzea du helburu, langabeziaren arazoa konpondu ordez. Beste hitz batzuekin esanda, merkatuen beharrei erantzutea du helburu —bankuen eskariei, finantzarien premiei, sektore espekulatzaileen eskakizunei—, pertsonen arazoei lehentasuna eman ordez, horretarako defizit publikoa gutxituz baina betiere zerbitzu sozialen murrizketaren eta ongizate estatuan lortutako aurrerapenen desegitearen kontura.

Hirugarrenik, neurri horien egikaritzeak herritar gehienen pobretzea ekarriko duelako, soil-soilik, langabezia handiena eta babesgabetasun gehien ezagutu dituen belaunaldia ekarriko duelako, eta honek krisia areagotu besterik egingo ez duelako, aukera eskasenak eta babes gutxien dituzten sektoreei are larriago eraginez. Labur esanda, ziur baiezta dezakegu ezen neurri hauek ez dutela eraginik izango kapital handia dutenengan; oso alderantziz, murriztu egingo dituzte sektore herritarren diru-sarrerak eta babes soziala, eta ondorioz, ekonomikoki ahulenak diren sektoreak pobretuko dira eta bazterketa sozialerako arrisku larria izango dute.

Neurriak blokeka aztertzen baditugu, ikus dezakegun lehen gauza da, pentsioen balio-handitzeari buruz ozen aldarrikatu zituzten promesak hutsean geratu direla. Proposatzen duten % 1eko igoerarekin, ez da Zapateroren Gobernuaren izoztearekin galdutako eroste-ahalmena berreskuratzen; are gehiago, beste puntu bat gehiago galduko da aurrikusita dagoen % 2ko inflazioarekin. Beste hitz batzuetan, berriz ere murriztuko pentsiodunen eroste-ahalmena da.

Bestalde, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) izozteak eroste- ahalmenaren 2,4 puntu gutxitzea dakar, Rodriguez Zapateroren gobernuak hartutako azken neurriak murriztutako 1,7 punturi batu behar zaiona. Hau da, espainiar estatuko LGSa Europar Batasuneko estatu gehienek dutenaren azpitik dago, eta larriagoa dena, pobreziaren mugaren azpitik dago.

Gastuak murrizteko neurriei erreparatuz gero, tartean iritzi publikoaren belarriak goxatzeko harturiko neurri sinboliko gutxi batzuk aurkituko ditugu, baina funtsean oso garratzi kuantitatibo txikikoak direnak (alderdi politikoei, sindikatuei zuzendutako funtsak), baina benetako murrizketa sakona krisi ekonomikoaren ondorioak pairatzen ari diren pertsonen aurkako neurri antisozialetan ageri da: Mendekotasun Legearen aplikazioaren atzerapena, emantzipazio-errentaren berritze eza, garapenerako laguntzen murrizketa.

Neurri horien artean, harritu gaituen bat dago; izan ere, neurri horrek bidea ixten dio egitura-sozioekonomikoa eraldatzeari eta baita etorkizunean enplegua eta aberastasuna sortzeko gai izango den ekonomia produktibo bati ere. Aipatu berri dugun neurria I+G+i ekimenetarako 600 milioi euroko gastu-murrizketa da.

Gastu-murrizketaren kapituluan funtzionariei eragiten dien neurri-multzo bat ere badago. Hain zuzen, sindikatuekin bilatu beharreko akordio sozialaren mespretxua izateaz gain, neurri horiek hainbat murrizketa ekarriko dituzte sektore publikoan lanean diharduten pertsonen kobertura sozialean, baita sektore publikoko lanpostu-galera ere; ondorioz, gehien arduratzen gaituena, neurriok zerbitzu publikoen kalitatea kaxkartzea ekarriko dute.

Azkenik, diru-sarreren gehitzeari begira proposatutako neurrietan (gaur egungo egoeran garrantzitsuenak izan beharko luketenak), krisiaren kostuak enplegatuen bizkar gainean jartzen dira berriz ere, horiek izango baitira esfortzu fiskalik handiena egingo dutenak. Aldi berean, ordea, alde batera utziko dira diru-sarrerak handitzeko benetako neurri eraginkorrak, esate baterako: kapital handienak linbo fiskaletan egoten jarraitzen dute, ez baitira existitu ere egiten fiskoarentzat, eta ez baita inolako neurririk hartzen Europako lurralde garatuekin dirutza eta ondasun handien trataera homologatzeko. SICAVen (Kapital Aldakorreko Inbertsio Elkarteak) erregulazioak kapital handiek % 1 soilik kotizatzea baimentzen du, eta horrek enplegatuekiko onartezina den diskriminazio basatia dakar, azken hauei tasak nabarmen igotzen baitzaizkie. Estatuko instituzioen partetik egiten den ihes-fiskalaren apologia hori onartezina da edozein kasutan, baina bereziki iraingarria da langileok bizi dugun krisi-garaiotan.

Egiteke dago benetako erreforma fiskal sakona, zergapetze mota guztiak kontuan hartuko dituena eta karga fiskalen banaketa progresiboa zentzuz eta erantzunkizun sozialez burutuko duena: funtsean, oinarrizko printzipio bat dena, gehien duenak gehiago ordaintzea.

Horren guztiaren ondorioz, uko egiten diegu neurri horiei guztiei, jendarteko sektore ahulenei eraso egiten dietelako, politika fiskal erregresibo eta erreakzionarioa bultzatzen dutelako, zerbitzu publikoak ahuldu eta sektore espekulatzaileen (finantzarioak, bankuak, inmobiliariak) zerbitzura eraikitako estruktura sozio-ekonomikoa betikotzen dutelako.

Gure oposizioa ez da ezezko hutsean geratzen; are gehiago, berrindartu egiten gaitu geure ekinean. Euskal jendarteak lehenbailehen behar ditu bere esku beharrezko tresna instituzional eta politikoak, era eraginkor batean euskal jendartearen arazoak konpontzeko, bereziki krisiaren aurrean ahulen eta babesik gabe dauden sektore sozialen arazoak konpontzeko.

Ongizatezko gizartea indartu eta lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propia lortzeko bidean, arlo ekonomiko eta fiskalean neurriak hartzen utziko digun Euskal Herriarentzako marko subiranoa aldarrikatzea inoiz baino garrantzitsuago eta premiazkoago da gaur.

@ehbilducongreso