Rafa Larreina Amaiurreko Diputatuak komunikabideei azaldu die Gardentasun Legeari Amaiurrek egindako osoko emendakina.

Larreinaren esanetan, lege hau, gardentasuna dioen "kartel" soila da, beste hainbat arrazoiren artean, "mugaz beteta dagoelako". Lege honek ez du gardentasunik bermatzen diputatuaren arabera.

Diputatu subiranistak salatu egin du lege hau Gobernuaren ekinbideetara bakarrik mugatzen dela, eta beste erakundeak kanpo uzten dituela; baita diru publikoa jasotzen duten erakunde eta entitateak ere. Larreinaren iritziz, Gardentasun Legeak barruan hartu behar lituzke errege-etxea, alderdi politikoak, sindikatuak, patronala, Kongresua, Senatua, botere judiziala, Kontu Auzitegia, Auzitegi Konstituzionala, Arartekoa, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorra, Estatu Kontseilua, Kontseilu Ekonomiko Soziala eta antzerako erakundeak zein Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta diru laguntza publikoak hartzen dituzten bestelako pertsona natural zein juridikoak.

Gaineratu du lege honek informaziorako legea baztertu egiten duela administrazioaren isiltasun negatiboa bultzatuz, eta ez duela informazio guztia eskuragarria izango denik bermatzen. Azken puntu hau informazio emateko erabiliko diren moduei lotu die Larreinak, eta hau oinarrizkoa omen da Open Data mugimendurako.

Diputatu euskaldunak amaitu du esanez, lege honek ere ez duela errespetatzen "gure" subirautza eskaera, eta ez dituela kontuan hartzen Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Gobernua euskaldunen erabakitze esparru gisa.

@ehbilducongreso