Espainiako Epaitegi Konstituzionalean izan diren izendapenak direla eta hauxe adierazi nahi du Amaiurrek:

Espainiako estatuan ez dago botere banaketarik. Kontrakoa esatea egia ez esatea da. Botere judiziala botere exekutiboaren adar bat baino ez da eta beraz unean uneko gobernuaren interesen mende dagoena. Horren adibide garbia da Bateragune auziko zigorrak errekurritu zituztenenei justiziaren instantzia gorenak eman dien ezezko erantzuna. Zelofan juridikoz estalitako erabaki politikoa, ezbairik gabe.

Gaurko lau izendapenekin (horietako hiru Alderdi Popularraren oso hurbilekoak) PPren gobernuak gehiengo kontserbadore eta utraespainiarreko Epaitegi Konstituzionalaren erabateko kontrola izango du datozen urteetan. Gehiengo horrekin beraz, estatuko erakunde guztien kontrola lortu du Alderdi Popularrak. Eta horri esker bere oinarri eta ardatz ideologikoak aurrera eramateko aukera izango du (berzentralizaioa, espainiolizazioa...).

 

Nabarmentzekoa da ere bai orain bizi ditugunak bezalako garai latzetan botere judizialak duen garrantzia. Estatuak bizi dituen hiru krisiei (ekonomikoa, politikoa eta lurralde krisia) eta datozkion erronkei begira zalantzarik ez dugu nazio historikoen zein herri eta gizarte mugimenduen aldarrikapenen aurrean harresi lana egingo duela botere judizialak.

Hain zuzen, Epaitegi Konstituzionalari dagozkio lan eta pentsioen erreforma, Katalunian hasitako prozesu subiranista eta noski, Euskal Herriko bake prozesua kudeatzea.

Azken puntu horri dagokionean gogoratu behar dugu Audientzia Nazionalean egingo diren makroepaiketak. Bateragune zein Herriko Tabernen auziak esaterako, Epaitegi Konstituzionalaren esku izango dira hein handi batean.

@ehbilducongreso