Prentsaurreko honen helburua azken Ministro Kontseiluan, Mariano Rajoyren gobernuak iragarri dituen neurrien inguruan dugun iritzia azaltzea da.

Mundu mailako krisiak izaera sistemikoa du eta modu berezian eragiten dio Espainiako estatuari. Izan ere, bere egitura sozioekonomikoa, hein handi batean, espekulaziora bideraturiko sektoreetan dago oinarritua. Are gehiago, Espainiako estatuaren egitura politiko-instituzionala ez da bat ere eraginkorra ikuspuntu ekonomiko, sozial eta politikotik. Eta horri gehitu beharko genioke, ongizate estatua kaltetu duten neurriek gizarte babeserako sistema erabat ahuldu izana.

Alderdi Popularraren gobernua hartzen ari den neurriak, arazoaren sustraietara jo ordez, krisiaz baliatzen ari dira zentralizaturiko estatu eredua eta gizarte eredu neoliberala ezartzeko.

Defizitaren aitzakiaz, Aurrekontuak Egonkortzeko Legeak, jada nahikoa ez diren Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren konpetentziatan atzera pausoak dakartza. Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritarron erabakitzeko eskubidea are gehiago murriztuz.

Neurriok onartzeko unean, estatuko beste lurralde batzuekin alderatuz, Hego Euskal Herriak duen egitura sozioekonomiko ezberdina, langabezia datuak, zorpe maila… ez ditu kontuan hartzen Espainiako gobernuak.

Aurretiaz onarturiko zerga neurriekin gertatu legez, oraingoan ere, Hego Euskal Herriak duen zerga arloko esparru propio mugatuari muzin egiten dio Alderdi Popularraren gobernuak. Eta hori gutxi balitz, are gehiago mugatzen du Udalen autonomia.

Estatuaren zentralizazio prozesu bat ezkutatzen da neurrion atzean. Alderdi Popularraren gobernua krisi ekonomikoa baliatu nahi du, berriz ere eta 35 urteren ostean, “kafea guztiontzat” aplikatzeko. Neurriokin, agerian geratzen da ez soilik estatua pairatzen ari den krisi ekonomikoa, baita lurralde krisia ere.

Beste behin ere, gutxienez duela bostehun urteko iraupena duen lurralde izaerako krisiari buruzko eztabaida publiko eta zintzoa saihestu nahi du Espainiako estatuak. Beste behin ere, estatu ereduaren krisia era antidemokratikoan kudeatu nahi du Espainiako gobernuak, berriz ere, euskal herritarron ahotsa isilaraziz. Amaiurrek hiru puntu nabarmendu nahi ditu:

1- Beste estatuek dituzten tresna berberak nahi ditugu gure politika ekonomikoak zehaztu eta garatzeko. Gure esparru propioa non sindikatuek, enpresariek, alderdi politikoek eta gizarte eragileek elkarren artean eztabaidatu eta adostuko dituzten hartu beharreko neurri eta erabakiak. 2- Europako Batasunak bere ildoetatik aldentzen diren estatuei zigorrak ezartzen dien bezala, Espainiako estatuak gauza bera egiten du bere menpeko lurraldeekin. Guk gure estatua bagenu, Europako Batasunaren ildoak jarraitzera behartuta geundeke baina desberdintasun batekin: bertatik bertara hartuko genituzke neurriak. Beraz, potentzialtasun handiagoa izango genuke, guk geuk, geure neurriak hartu eta kudeatuko bagenitu. 3- Krisia euskal estatua lantzeko baliatu behar dugu. Krisi garai honetan aurrera begiratu beharra dago. Gerora begirako posizio indartsua planteatzen hasi behar dugu. Hauxe da konfrontazio demokratikorako unea.

Arrazoi hauek guztiengatik, beraz, zentralizazioa helburu duten neurrion aurkako jarrera irmoa erakutsi nahi du Amaiurrek. Are gehiago, euskal gizarteak bere etorkizunaz erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu. Erakunde publikoen diru-sartze eta gastuen kudeaketarako esparru propio eta subiranoa behar du Euskal Herriak. Amaiurren ustez, kudeaketa horren helburua pertsonak beharko lukete izan –enplegua sortzea- zenbaki handien –defizit zero- eta kapital espekulatzailearen mesedetan egon beharrean.

Azken finean, arazoaren sustraietara ez doazen neurrien kontrako jarrera erakutsi nahi du Amaiurrek. Izan ere, eta besteak beste, nazio anitzeko errealitatea ukatu eta estatu zentralista indartzen baitute neurriok. Bide horretatik jarraituz gero, zerbitzu publikoak ahulago izango dira, ongizate estatua suntsitu eta oinarrizko askatasun eta eskubideak murriztuko dituzte.

Burujabetza politiko, ekonomiko eta kulturala behar du Euskal Herriak. Espainiako eta Frantziako estatuak bezain burujabe izan nahi dugu. Estatua ona bada beraientzat, guretzat ere bai.

@ehbilducongreso