Amaiur Euskal Herriaren eskubideen aldeko defentsa egitera joan da Madrilera, eta zentzu honetan, Euskal Herriko jendartearen beharrei erantzutera alderdi interesen gainetik. Hala bada, gure herria ongi ezagutzeko konpromisoa hartu genuen, bere kezkak, beharrak, eta nahiak ezagutu eta defendatzekoa.

Bizi dugun krisi egoeraren aurrean Rajoyren gobernutik datozen neurriei erantzuteko gure herriko mugimendu sindikal eta sozialarekin harremanetan egon behar dugu. Zorpetze publikoaren aitzakiapean, konpetentziak kendu nahi dizkigute, lehenagotik ere mugatua dugun subiranotasun ekonomikoa menpekoago bilakatuz. Honen aurrean herriaren subiranotasun ekonomikoa defendatu behar dugu Madrilen.

Zentzu berean, Nafarroako Gobernuari, eta oro har Nafarroako alderdi politiko guztiei, dei egin nahi diegu PPren Gobernuak proposatzen dituen neurrien aurrean duela mende bat Gamazadan1 egin bezala jokatu dezan eta Pase Forala2 aplikatu dezan. Ezin baitugu onartu kopententzien eta eskubide sozialen murrizketarik.

Bestalde gatazkaren konponbide definitiborako beharrezko dugu eskubide sozial eta politikoen inguruan mugitzen den herri mugimenduarekin harremanak estutzea. Gatazkak utzi dituen eta oraindik ere sortzen dituen errealitate desberdinei zor zaien irtenbidea emateko.

Zein ardura dugun argi dugu, eta horretarako funtsezkoa da gure herriko, eta kasu honetan Nafarroatik ari garenez, Nafarroako eragileekin harremanak estutzea eta bertako errealitatea hurbiletik ezagutzea.

Bi helburu nagusi ditu beraz harreman bira honek: lehena, gure herriko problematika nagusietan inplikaturik dauden eragileen kezkak ezagutzea eta harremanak estutzea krisiari aurre egin eta gatazkaren konponbidean urratsak emateko; eta bigarrena, Amaiur koalizio berria izanik, bere Madrileko jardueraren berri eman eta bere lanaren izaera azaltzea.

Harreman bira honen helburuak beraz honakoak dira:

 

 

  1. Nafarroako eragileen kezkak ezagutzea eta harremanak estutzea krisiari aurre egin eta gatazkaren konponbidean urratsak emateko.

  1. Aurrera begira komunikazio bideak hitzartzea eragile guzti hauekin.

  1. Amaiurren Madrileko jardueraren berri eman eta zein filosofiarekin egingo duen lan aurkeztea.

OHARRAK

1. Gamazada XIX. mendeko Nafarroako herri matxinada zen. Sagastaren gobernuaren Ogasun Ministroak, German Gamazo liberalak, 1841ko Lege Hitzartuak ezarritako zerga-araubide forala ezereztatzea saiatu zuenean sortu zen.

2. Foru pasea edo foru-baimena foru zuzenbide arloan Hego Euskal Herrian Batzar Nagusiek edo Gorteek erregearen foruen kontrako legeak ez betetzeko zuten eskubidea izan zen[1]. Nafarroan sobrekarta zuen izena

 

@ehbilducongreso