Ipar Irlandako bake prozesua goraipatuz Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen adierazpenak nabarmendu nahi ditu Amaiurrek.

Obamaren esanetan Ipar Irlandako bake prozesua eredugarria da munduko beste hainbat gatazkentzat eta hitzez hitz esan du "bake prozesuak indarkeriaren orbainetatik eta mesfindatzatik haratago begiratzera erakutsi diola munduari".

Horretaz gain, "prozesuaren aurkako erasoek ez dutela arrakastarik izango" esan zuen atzo AEBko presidenteak.

 

Hala ere, atzo bertan Alberto Ruiz Gallardon Espainiako justizia ministroak esandakoak eta Barack Obamak adierazitakoa kontrajarriak dira erabat.

Espainiako gobernuak iraganeko diskurtsora iltzaturik segitzen du. Bakearen aipamenik txikiena ere ez duen diskurtsoan, alegia.

Are gehiago, elkarrizketa eta elkar ulertzearen aldeko adierazpenak egin ordez, Espainiako justizia ministroak orain arteko bidean jarrai dezatela eskatu die agintari frantsesei. Hau da, errepresioaren aldeko hautua egin eta bakea baztertu du berriz ere Gallardon jaunak. Espainiako justizia ministroak bakearen oztopo legez aurkeztu du bere burua.

Amaiurrek ordea, ezberdinen arteko elkarrizketaren aldeko apustua egiten du euskal gatazka politikoaren konponbide gisa, bai gatazkaren arrazoiei zein ondorioei begira. Estrategia errepresiboa porrotera kondenaturik dago. Euskal Herriko gizarteak konponbideak nahi ditu eta ez oztopoak.

Gainera, Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziaren edukiak irakurtzeko gonbitea egiten diogu Espainiako justizia ministroari. Gogora dezagun ekimen hartan Ipar Irlandako bake prozesuan pisua izan zuten eta izaten jarraitzen duten ordezkariek parte hartu zutela.

Horregatik guztiagatik Obama jaunarengandik eta Ipar Irlandako unionistengandik ikas dezala eskatu eta aholkatzen diogu Espainiako justizia ministroari.

@ehbilducongreso