Barne politikako batzordean egin duen hitzaldian, Iker Urbina Amaiurreko diputatuak esan du “konponbidea Euskal Herriari dagozkion eskubideak onartzetik eta eskubide politiko eta zibilak errespetatzetik etorriko dela”. Barne ministroari erantzunez, Urbinak adierazi du “oker dabilela errepresio gehiagorekin konponbidea etorriko dela uste badu”.

{audio}http://www.archive.org/download/IntervencinDeIkerUrbinaEnLaComisinDeInterior20120131/A0320131.mp3{/audio}

Amaiurreko diputatuak nabarmendu duenez, datozen lau urteei begira barne ministroak zehaztu dituen ildo nagusiek ez dute ezer berririk eskaintzen. “Ez dira berriak eta horregatik, Euskal Herriak bizi duen egoera politiko berriarekin bat egin dezala” eskatu dio.

Iker Urbinaren hitzetan, Espainiako gobernuari dagokio elkarrizketa giroa erraztea, baina horretarako “ilegalizazio politikak alde batera utzi eta espetxe politika bera ere errotik aldatzea beharrezkoa dela” nabarmendu du.

Amaiurreko diputatuaren arabera helburua “egiazko demokrazia eta bakean oinarrituriko ezenatokia eraikitzea da”. Eta horretarako, bere esanetan, “ezinbestekoa da Euskal Herriko gizarte eragile guztien parte hartzea”.

Barne ministroari erantzunez, Iker Urbinak gogoratu du ETAren biktimak ez ezik beste biktima asko ere badagoela. “Biktimen onarpena eta erreparazioa bai baina biktima guztiena”.

“Egia osoa, ehuneko ehuna. Garaiturik eta garailerik gabeko bakea” defendatu ditu Amaiurreko diputatuak.

@ehbilducongreso