Urte beteren ondoren, Amaiur berriro ere bildu da Gernikan. Bakearen eta askatasunaren sinboloa izaki, leku esanguratsua da hau Euskal Herritarrentzat; izan ere, horixe da euskal jendarteak eskatzen duena. Eta duela urtebete bezala, orain ere hona gatoz, gatazkak iraun duen urteetan Euskal Herrian izandako indarkeria adierazpide guztiek utzitako biktima guztiak onartzen ditugula esatera.



Onarpen horrekin batera, Amaiurrek euskal jendarteari adierazi nahi dio, gatazka gainditzeko urratsak emateko konpromisoa hartu duela; baita gatazkak utzitako ondorioak gainditzeko ere. Horretarako oinarria pertsona guztien giza eskubideen errespetuan eta egia osoaren aitorpenean dago.

Gatazkaren konponbide prozesua bultzatzea izan zen Amaiur sortzeko helburuetako bat. Euskal Herrian betirako bake justua eraikitzeko lan egin eta ekarpena egin nahi dugu, bake horren eraikuntzan euskal jendarte guztiaren parte hartzeari bide emanez.

Zentzu horretan, lehentasuna da Euskal Herriak eta bertako bizilagunek urteetan jasan dituzten indarkeriek eragindako mina onartzea eta konpontzea, ahal den neurrian.

Prozesu eraikitzailea aktibatu behar dugu. Kontakizun guztiak kontuan hartu eta gatazkaren ondorioz izandako giza eskubideen urraketa guztiak zein gizartean zabaldutako arrakala guztiak batu behar dira memoria historikoa berreskuratzeko: biktima guztiek baitute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea, normalizazio politikorako, adiskidantzara eta jendarte baketsurako bidean.

Memoria historikoak gertatutakoaren gaineko egia eraikitzea esan nahi du. Egia eta gertatutako guztiaren onarpena dira justizia eta konponbiderako oinarriak.

Helburu horiek elkarrizketatik abiatuta eraiki behar dira sentsibilitate guztiak adostasunera helduz. Momentu honetan, ostera, elkarrizketarako eta adostasunerako akordioak Madrilen geldituta daude.

Aieteko adierazpenarekin bat egiten dugu, eta Espainiako Gobernuari dei egiten diogu bere ardurak har ditzala eta nazioarteko adituek egindako gomendioak bete ditzala Euskal Herrian bake eta normalizazio prozesuan aurrera egin ahal izateko. Bere inplikazioa beharrezkoa da prozesua, adiskidetzea eta biktima guztien onarpena oinarri sendoen gainean eraikitzeko.

Euskal jendarteak prozesuan pauso sendoak ematen ari garela ikusi eta sentitu behar du, eta guztioi eskatzen digu gure ardurak onar ditzagula gatazkari behin betiko konponbidea emateko.

Euskal Herriak bakea behar du. Agente politiko eta sozial guztiek goldatutako bakea. Gure herriko biztanle guztiak barne sentituko diren bakea. Prozesuaren benetako bermea, irabazle bakarra euskal jendarte osoa izango duena: bakean eta askatasunean bizitzea erabaki duelako.

Duela urtebete bezala, Amaiur osatzen dugun lagunok, iragana gainditzeko daukagun bokazioa azpimarratu nahi dugu, Euskal Herrirako bake eta askatasunean oinarritutako etorkizuna nahi dugu. Eta helburu hori lortzeko bidean, laster baino lehen, Euskal Herrian diren sentsibilitate guztiak aurkituko ditugula espero dugu.

@ehbilducongreso