Euskal herritarren eta euskal hezkuntza sistema propioaren aurkako irain gisa hartu du Amaiurrek LOMCE legea. Horrela adierazi du koalizio subiranistak hezkuntza erreformaren kontrako bere jarrera irmoa besteak beste, "frankismo garaietara garamatzan legea delako".

Era berean, euskal koalizioaren ustez lege proiektuaren gainean FAES izpiritua bera "hegan" dabil helburu argi batekin; Euskal Herriko ikasleak espainolizatzea. Are gehiago, Amaiurrek dio uniformizazioa eta zentralizazioa sustatzen dituen legea dela.

Horrezaz gain, inposiziotzat ere jo du Amaiurrek LOMCE legea Espainiako gobernuak ez duelako Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen adostasunik bilatu. "Erabakitzeko gure eskubidea urratzen du ez dagozkion eskuduntzak bere gain hartuz eta Estatuaren zentralizazioa bultzatuz".

Gaur aurkezturiko osoko emendakinean euskal koalizioak "zerbitzu publikoa den heinean hezkuntza kalitate integralaren eta solidarioaren" defentsa egin eta "ikasle guztien aukera berdintasuna sustatu eta etorkizunera begira, herri gisa Nafarroak, Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak dituzten erronkei erantzun beharko liokeen hezkuntza sistema propioa garatzearen beharra nabarmentzen du.

Amaiurren ustez "esparru ideologikoan atzera pausu handia da LOMCE legea, izan ere "merkatu eta enpresen zerbitzura" jartzen baituelako hezkuntza bera. "Meritokrazian oinarrituriko eredu lehiakorra" sustatu eta "ahulenak baztertzen ditu" PPren gobernuak.

Gainera, koalizio subiranistak nabarmentzen duenez "lege proiektu hau euskararen aurkako erasoa da". Gizarte kohesiorako elementua delakoan hizkuntza murgiltze ereduaren defentsa egiten du ere bai Amaiurrek.

@ehbilducongreso