Amaiurrek enplegu eta segurantza sozialeko ministroari egin dion galderaren harira, Alberto Unamunzaga senatariak adierazi du, "erantzunik eza dirudiena erantzuna da; amiantoak kalteturiko pertsonentzako Espainiako gobernuak duen asmo bakarra segurantza sozialaren erregimenak aurre ikusten dituenak dira".



Senatari subiranistaren arabera "Espainiako gobernuak ezetz esan dio amiantoak kalteturiko pertsonei zuzendutako konpentsazio funts bat eratzeari".

Bere ustez, "erantzun onartezina da, errealitatetik at dagoena, Europako (Holanda eta Frantzia) beste herrialde batzuetako errealitateari begiratzen ez diona". Izan ere, Holanda eta Frantzian esaterako, konpentsazio funtsak abiarazi baitituzte bertako gobernuek.

Enplegu eta segurantza sozialeko ministroari galdera

Hain zuzen, Europako beste estatu batzuek egin duten bezala, Espainiako gobernuak ere amiantoaz kalteturiko langileei zuzendutako konpentsazio funtsik sortzeko asmorik ote duen galdetu dio Amaiurrek Fatima Bañez, enplegu eta segurantza sozialeko ministroari.

Unamunzagak ezinbesteko jo du neurri zehatzak hartzea kaltetuen beraien eta euren familien sufrimendu arintze aldera. Senatari subiranistak gogoratu duenez, EAEN soilik, 25.000 langiletik gora izan dute kontakturik amiantoarekin. Eta ASVIAMEk (amiantoak kaltetutako biktimen elkartea) kaleratutako datuak aipatu ditu: "2008tik amiantoaren eraginez 105 pertsona hil dira EAEn, eta horietatik 28, aurten".

Unamunzagaren arabera, "ezinbestekoa" da neurri zehatzak berehala indarrean jartzea eta OSALANen 2012ko txostenak dioena ekarri du gogora: "Frantziak edo eta Holandak bezala, beharrezkoa da kaltetuentzat konpentsazio funtsa martxan jartzea".

Euskal senatariaren arabera ordea, egun epaitegiak dira kaltetuak kalte ordainak jasotzeko bide bakarra. Are gehiago, "amiantoaren gaitza duten pertsonak, kasu askotan, kalte ordainak jaso aurretik hiltzen direla" esan du Unamunzagak. Eta erantsi du kaltetuek salaketa jartzen dutenerako ere, askotan lan egindako enpresak desagertu egin direla. Beraz, "nori dagokio kalteordainak ematea?", galdetu du.

@ehbilducongreso