Amaiurrek Diputazio Permanentea deritzona deitzea eskatu du, Ogasun, Ekonomia eta Industria batzordeak dei daitezen ez ohiko batzar bateratu batean. Ekonomia, Ogasun eta Industria Ministroak ager daitezela nahi dugu. Izan ere, 2007-2011 tartean izandako Tax Lease delakoaren baitan ontziolek hobari fiskalak izan zituzten, eta orain, Europako Batasunak hobari horiek itzultzeko eskatzen die sektoreari. Horregatik eskatu nahi diegu aipatutako ministroei, gai honen inguruan Europako Batasunak emandako aginduaren aurrean, zein jarrera hartuko duten azal dezatela.

Amaiurrek azpimarratu nahi du bai euskal ontziolak eta bai bertan lan egiten duten guztiak babesik gabe eta oso egoera zaurgarrian utziko dituela erabaki honek; bide batez, baita Euskal Herriko industria ere.

Gure herrian estrategikoa izan den industria hau desagertu ez dadin, Espainiako Gobernuak egingo duenari begira egon behar honek erakusten du, Euskal Herriko ekonomiaren egoera zein zaurgarria den.

Ezin dugu onartu goizetik gauera euskal ontziolak desagertzerik. Ez da posible milaka langile kalean gelditzea honetan eskua duten erakundeek ez dutelako egoera ondo kudeatzen jakin. Ez da posible gure mugetatik kanpora, Madrilen esaterako, eta gure herrian arrotzak diren politikariek hartutako erabakien ondorioz, guretzat garrantzitsua den industria galtzea.

Euskal Herriak bere ekonomia garatzeko tresna burujabeak behar ditu, gure beharretara egokitutako politikak garatzeko eta, batez ere, nazioarteko edozein erakunderen aurrean Euskal Herriaren interesak defendatzeko. Europako edo nazioarteko erakunde ekonomiko handiekin zuzeneko interlokuziorik ez izateak ekarri du egoera hau. Edozelan ere, Amaiurrek ez du amore emango Gobernu Espainolak egingo duena edo egingo ez duenarekin gure ontziolek aurrera egin dezaten.

Bizi dugun egoerak agerian utzi du, oinarrizkoa dela guretzat Europako beste estatu guztiek dituzten tresnak izatea gure ekonomia garatzeko.

Amaiurrekin batera BNGk, EAJk eta Izquierda pluralek ere sinatu dute ekimena.

@ehbilducongreso