Ana Mato, Espainiako osasun ministroak egin dituen adierazpenen harira hauxe adierazi nahi du Amaiurrek:

Batetik, Espainiako gobernuak emakumeen eskubideak murriztu nahi dituela salatu nahi dugu. Are gehiago, PPren helburua, emakumeek gizonekiko pairatzen duten menpeko egoera eta rol tradizionalak indartzea da; besteak beste, emakumeek beraien amatasunaren, sexualitatearen eta gorputzaren inguruan erabakitzeko eskubidea oztopatuz.

Horren haritik, gaur bertan, osasun ministroak ernalkuntza lagundua jasotzeko baldintzei buruz esandakoak oso larritzat jotzen ditugu. Hain zuen ere, ernalkuntza lagundua jasotzeko baldintzak mugatu nahi dituztelako.

Matoren arabera, "arazo medikoak" izango dira ernalkuntza lagundua jasotzeko baldintza bakarra. Medikua izango da beraz, emakume batek "arazo medikoak" dituen ala ez ebatziko duena, eta ondorioz, publikoki finantzatutako ernalkuntza lagundua jasoko duen ala ez erabakiko duena.

Honen aurrean zera diogu: emakumeen eskubideak ezin direla sendagileen irizpideen esku utzi; eskubideak bermatu egin behar dira.

Gaur egun hamaika familia-mota ditugun arren, PPren gobernuak familia-eredu tradizionala inposatu nahi du, aita, ama eta seme-alabez osatua eta gainontzeko familiak bigarren mailakoak balira bezala tratatzen ditu. Iraingarria da. Zuzenbide estatu batek pertsona guztien eskubideak babestu eta bermatu behar ditu eta ez, egiten ari den bezala, errealitateak bere ideologiaren antza izan dezan herritarrak mailakatu.

Eta hirugarrenik, emakumeen eskubideen eta askatasunaren kontra Espainiako gobernua egiten ari den ofentsiba salatu nahi dugu. Horren adibide argia da emakumeen kontrako indarkeria sexista ere ezkutatzeko datuak makilatu nahi izatea; 24 ordutik gorako ospitaleratzerik egon ezean, ez omen da indarkeria sexista gisa kontabilizatuko emakumeak jasandako jipoia edo eta bestelako indarkeria mota.

@ehbilducongreso