2013ko apirilaren 2an, Amaiurreko Diputatu Sabino Cuadrak bigarren aldiz galdetu zion Gobernuari ea Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak zein protokolo jarraitzen duten euren esku hartzeetan gomazko pilotak erabiltzeko: zein kasutan erabiltzen dituzten, zein babes neurri hartzen dituzten, tiro egiteko zaindu beharreko gutxieneko distantzia...

Galdera egiteko arrazoia, 2012ko irailaren 26an, Euskal Herrian izandako greba orokorraren harira egindako mobilizazioetan gomazko pilotaz zauritutako Angel Maria Zudaire Borge gazte nafarraren kasua izan zen. Izan ere, gomazko pilotak eskuineko begian jo zuen gaztea, eta ondorioz, ikusmena galdu egin du.

Lehenengo aldiz galdetzean, nahiz eta Gobernuak protokolo bat badela onartu, ez zuen horren gaineko inolako informaziorik eman, eta bigarren aldiz galdetzea erabaki zuen Amaiurrek.

Bigarren erantzunean, Gobernuak baieztatu egin du protokolo horri buruzkorik ezin dutela esan "Administrazio Publikoaren eta Administrazio Prozedura Bateratuen lege erregimeneko, abenduaren 26ko, 30/1992ko legearen 37.5.b artikuluak eta Administrazioaren Artxiboen Sistema Espainiarra arautzen duen, azaroaren 18ko, 1708/2011 Errege Dekretuaren 27.2 artikuluak diotenaren arabera".

Edozelan ere, artikulu horiek "Nazioaren Defentsarekin edo Estatuaren Segurtasunarekin zerikusia duten espedienteei buruz" hitz egiten dute, eta horrek, noski, ez dauka inolako zerikusirik poliziak erabiltzen dituen gomazko piloten gaineko informazioa ematearekin.

Horregatik uste dugu, emandako erantzuna juridikoki disparate hutsa dela, eta erakusten duen bakarra dela, Gobernuak agintekeriaz, informazio ezkutatu zeta segurtasun indarren edozein ekintza bidegabe salbuespenik gabe babestuz jokatzen duela. 30/1992 legearen 37. artikuluak benetan dioena da, herritarrek Administrazioaren partetik informazioa jasotzeko eskubidea dutela, baina, horretatik urrun, Gobernuak egiten duena da, edozein ikerketaren aurrean poliziaren ekintzak gordetzea.

Gobernuaren hipokresia agerian geratu da berriro, beraz. Nahikoa ez den gardentasun legea aurkezten ari den bitartean, iluntasunez jokatzen dute egunero, eta derrigortu egin behar dira Gobernuko kideak Kongresuan aurpegia eman dezaten ustelkeria kasuetan izan duten parte hartzea argitzeko. Azken batean, agintekeriaz, informazioa ezkutatuz, nahastuz eta gezurrak esanez Gobernatu nahi duen Gobernu baten aurrean gaude.

Honegatik guztiagatik, Amaiurrek Kongresuko Presidentearen babesa eskatuko du, beharrezko informazioa jaso ahal izateko eta kongresuko alderdien zein diputatuen eskubide konstituzionalak urratzen dituen jarrera hau saihesteko.

@ehbilducongreso