Bildu eta Amaiurren legez kanporatzea eskatuz UPyDk Kongresuan zabaldu duen eztabaidaz, koalizio soberanistak adierazi du “euskal gizarteak duela denbora asko gainditu zituela PSOEk eta PPk indarrean jarritako ilegalizazio politikak”.

Xabier Mikel Errekondo, Amaiurreko bozeramaileak nabarmendu duenez “euskal gizarteak argi eta garbi adierazi du konfrontazio, indarkeria eta eskubideen zapalkuntzen garaia gainditu nahi duela”.

Errekondoren ustez “alderdi politikoen legea aplikatu dadila eskatzea, hau da, Euskal Herriko ezker mugimendu soberanista legez kanpo utzi dezatela eskatzea konponbideen alderantzizko norabidean joatea da, alegia, euskal gizartearen gehiengoaren nahiari muzin egitea”.

Amaiurren ustez “euskal gizartea da, hau da, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritarrak dira aukera politiko guztien legeztatzea eskatzen dutenak”. Errekondoren arabera “kontua ez da Bildu ala Amaiur legez kanpo utzi ala ez, kontua da Sortu legeztatzea”. Amaiurreko bozeramaileak nabarmendu du “Sorturen legeztatzea ezinbestekoa dela normalizazio politikan sakondu nahi bada”.

UPYDren ekimenaz, berriz, Amaiurrek adierazi du “deigarria dela, Euskal Herrian Amaiurrek eskuratutako bozen %2a ere lortu ez duen alderdi politiko batek, Madrilen nola planteatzen duen ezker soberanistaren legez kanporatzea”.

@ehbilducongreso