{audio}http://www.archive.org/download/RafaLarreina-2012-02-16/KorteLarreinaEuskeraz.mp3{/audio} Rafa Larreina, Amaiurreko diputatuak salatu du finantza sektorea onbideratzeko lege-dekretu berriarekin “jatorri eta konpromiso soziala duten aurrezki kutxen desagerpena bultzatu nahi duela Alderdi Popularrak”. Are gehiago, Larreinaren arabera “aurrezki kutxen merkatua dohainik utzi nahi die gobernuak banketxeei”.

Amaiurren ustez “orain artekoa egiten jarraituko duten finantza erakunde handien oligopolio baterantz goaz” eta “helburua aurrezki kutxak desagerraraztea dela” leporatu dio Alderdi Popularrari.

Larreinak “ekonomia produktiboaren” aldarrikapena egin du. Eta horretarako, Amaiurren ustez, “beharrezkoa da banku publiko bat izatea, kontrol soziala duena, errealitate sozialarekin lotura duena eta ekonomia produktiboaren alde egingo duena”.

Koalizio soberanistak salatu du, lege-dekretu berriarekin “dagokien ardurari muzin egingo diotela finantza erakundeek”. Larreinak gogor kritikatu du “herritarrak maileguak ezin ordaindu daudenean, edota autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek euren ardurei aurre egin behar izaten dioten bitartean, banketxe handiek euren ardurari muzin egiten dietela eta gainera, erakunde publikoen laguntza jasotzen dutela”.

Euskal Herriarentzako finantza sistema propioa

Larreinak nabarmendu duenez “esandako guztiagatik, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Euskal Herriarentzat finantza sistema propioa bermatuko duten tresnak izatea”.

“Herritarren zerbitzura, gizartearen errealitatearekin bat egingo duen finantza merkatua nahi dugu. Hau da, familiei mailegua emango diena eta guztion ekonomia sustatzeko helburua izango duena”.

@ehbilducongreso