Atzerri gaietarako batzordean egin duen agerraldian, Jon Iñarritu, Amaiurreko parlamentarioak gogoratu du “legez potentzia kudeatzailea dela Espainiako estatua eta beraz, Saharako herria sartuta dagoen irteerarik gabeko tunelaren erantzule ere bai”.

Amaiurrek salatu du “Marokoko erreinua bere alde probesten ari dela denbora, horrela egoera bera bere alde jar dadin” eta “sahararrek pairatzen duten injustizia geldiarazten, Marokoko gobernuari argi hitz egiten eta Europako Batasunaren aurrean Mendebaldeko Sahararen defendatzaile izaten” jarrera aktiboa izan dezala eskatu dio Iñarrituk Espainiako gobernuari.

Amaiurren arabera, “okupazioa bukatzeko bidean autodeterminazio eskubidea lehenesten bada ere, bide horretan bertan, independentzia ere onartu beharra dago”. Saharako gatazkan begirale gisa egotea leporatu dio Amaiurrek Espainiako gobernuari.

Jon Iñarrituren ustez Portugalek Ekialdeko Timorren kasuan izan zuen jarrera bera izan beharko luke Espainiak eta horregatik “eredu hori jarraitu dezala” eskatu dio atzerri gaietarako ministroari.

Gatazka konpondu bitartean “errefuxiatu zelaietara bidaltzen duen giza laguntza ez dezala murriztu” eskatu dio Amaiurrek Espainiako gobernuari. Iñarrituren arabera “gauza bat Saharako herriaren bizimodua zailtzea da eta beste bat, gosez hiltzen uztea”.

Kosovoren onarpena

Nazioarteko gaietarako batzordean ere bai, Kosovoren independentzia modu ofizialean onartu dezala exijitu dio Amaiurrek Espainiako gobernuari. Jon Iñarrituk salatu du “Europako Batasunean salbuespena dela Espainia, Kosovoren independentzia onartzen ez duten bost estatuetako bat delako”.

@ehbilducongreso