Gizarte segurantzaren eta pentsioen arloko esparru propio eta burujabe bat edukitzea exijitzen dugu, gure errealitate sozial eta laboralari erantzungo dion esparru bat, Euskal Herriko gehiengo politiko, sozial eta sindikalak bilduko dituena. Hitz gutxitan esanda, arlo horretan ere Euskal Herriak burujabetza behar du.

Guztiok dakizuen bezala, iragan ostiralean espainiar Gobernuak txosten bat bidali zuen Kontseilu Ekonomiko eta Sozialera, pentsioen erreformari ekiteko lehen urrats gisa. Ziur aski, erreforma hori urtea bukatu aurretik onartuko da. Onartu, eta inposatu egingo digute. Izan ere, Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak argi eta garbi erakutsi du erreforma horren aurka dagoela.

Gobernuaren arabera, erreforma horrek eta pentsioen sistema publikoan egingo dituen murrizketa sakonek bi justifikazio nagusi dituzte: lehenik, pairatzen ari garen krisi ekonomiko larria; eta bigarrenik, bizi itxaropenaren igoerak sistema horretan eduki ditzakeen ondorio negatiboak.

 

Hala ere, pentsioen sisteman ematen ari den defizita ez da, berez, krisi ekonomikoaren ondorioa. Defizit hori sortzen duen faktore nagusia PPren Gobernua garatzen ari den politika ekonomiko eta sozial zehatza da. Politika horren arabera, aurrekontuko gastu guztia –baita gastu soziala ere, jakina- defizit publikoa murrizteko ezarritako helburuak betetzera bideratu behar da, horren menpe egon behar da. Hala, Gobernuak gastu publikoa murrizten du aurrekontuak koadratu ahal izateko, beste biderik ez balego bezala.

Politika horren porrota nabaria da. Urterik urte, Gobernuak porrot egiten du aurreikusitako defizit publikoa lortzeari dagokionez, eta horren aurrean egiten duen gauza bakarra Europar Batasunari defizit mailaren luzapen etengabeak eskatzea da. Gainera, argi eta garbi geratu da austeritatearen eta muturreko murrizketa sozialen politika horrek ez duela balio ezarritako helburuak erdiesteko, baizik eta pairatzen ari garen krisi soziala are gehiago hedatzeko. Hala eta guztiz ere, Alderdi Popularraren Gobernua politika horretan tematzen da, eta orain pentsioen sistema publikoaren erreforma izugarri atzerakoia ezarri nahi du, sistema horri eusten dioten oinarrietako asko hausten dituen erreforma, hain zuzen ere.

Hori guztia kontuan izanik, begien bistakoa da pentsioen erregimenak gaur egun duen defizitaren konponbidea Gobernuak hartutakoaren kontrako norabide batean bilatu behar dela. Gobernuarentzat, kontuak koadratzeko helburua pentsioak murriztuz lortu behar da beti. Hain zuzen ere, kontrakoa egin behar da, bestelako politika bat bultzatu behar da. Eta politika horren helburua sistemaren diru sarrerak gehitzea izan behar da, defizit arazoak konpontzeko, pentsioen gaur egungo estaldurari eta zenbatekoari eutsi ahal izateko eta pentsioak hobetzeko. Ez dugu ahaztu behar pentsioen arloko gastua Europar Batasuneko batezbestekoa baino bi puntu apalagoa dela.

Gizarte Segurantzaren diru sarrerak gehitzeaz hitz egiterakoan, ez dugu ahaztu behar azken hamarkadetan BPGaren pastelaren banaketa enpresen errenten aldekoa eta lanaren errenten kontrakoa izan dela. Enpresen errentek pastel horren zati gero eta handiago bat jaso dute. Beraz, banaketa desegoki hori orekatu egin behar da, errentak birbanatzeko politika argi bat bultzatuz. Horrela soilik lortuko da desberdintasun sozialak izugarri areagotu dituen bilakaera horri buelta ematea.

Azken batean, bestelako eredu bat bultzatu behar da, honako helburu hauek lortu ahal izateko: diru sarrera publikoak gehitzea, enplegua sustatzearen aldeko politika bat gauzatzea eta, horrenbestez, Gizarte Segurantzaren diru sarrerak gehitzea (kotizatzaile gehiago, ekarpen handiagoak) eta haren gastuak langabezia nabarmenki gutxituz murriztea.

Azkenik, ikusi dugu nola inposatu dizkiguten arlo horretan egindako erreforma guztiak (2011ko azaroko akordioa, 2011ko izoztea, 2012ko ez eguneratzea, erretiro aurreratu eta partzialen erregimenaren erreforma, etxeko langileen erregimenaren erreforma...). Euskal Herrian haien kontra agertu den gehiengo politiko, sozial eta sindikal oso zabala dagoen arren, erreforma horiek guztiak inposatu egin dizkigute, inolako begirune demokratiko eta politikorik gabe.

Egoeraren irakurketa hori oinarritzat harturik, mozio bat aurkeztu dugu, pentsioen sistema publikoaren alde eta, nola ez, Gizarte Segurantzaren arloko euskal esparru propio eta burujabearen alde.

Laburbildurik, honako hauek dira Amaiurrek Diputatuen Kongresuan bihar aldeztuko duen mozioaren eduki nagusiak:

a) Lehenik, Gizarte Segurantzaren diru sarrera propioak gehitzea proposatzen dugu, honako neurri hauek hartuz:

  • Enpresen kotizazioak gehitzea.
  • Kotizazio horietan dauden desgrabazio oparoak berraztertzea eta murriztea.
  • Lanbide arteko Gutxieneko Soldata igotzea eta hilean 1.100 eurokoa izatea.
  • Soldaten erosteko ahalmena bermatzea, gutxienez Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera eguneratuz.

b) Bigarrenik, zergen bidezko diru sarrerak progresibitate irizpideak aplikatuz gehitzea proposatzen dugu, neurri hauen bidez:

  • Sozietateen gaineko Zerga eta berari lotutako desgrabazioen erregimen eskuzabala sakonki berraztertzea, legezko zerga tasak benetan gauzatzen direnak izatea lortzeko.
  • Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga berraztertzea, progresibitatearen irizpidearekin eta errentak birbanatzeko asmoz, errenta handienek gehiago eta txikienek gutxiago ordain dezaten.
  • Fortuna Handien gaineko zerga berezi bat ezartzea, Ondarearen gaineko lehengo zerga baino progresiboagoa eta eraginkorragoa.
  • Iruzur fiskalaren kontra gogor borrokatzea, horretarako langileak, baliabideak eta aurrekontuak bikoiztuz eta iruzurraren tratamendu fiskal eta penala gogortuz.

c) Hirugarrenik, eta oso garrantzitsua, arlo horretako eskumen guztiak Euskal Herrira berehala transferitzea exijitzen dugu –Gizarte Segurantza, pentsioak...-. Halaber, eta hori da guretzat garrantzitsuena, gizarte segurantzaren eta pentsioen arloko esparru propio eta burujabe bat edukitzea exijitzen dugu, gure errealitate sozial eta laboralari erantzungo dion esparru bat, Euskal Herriko gehiengo politiko, sozial eta sindikalak bilduko dituena. Hitz gutxitan esanda, arlo horretan ere Euskal Herriak burujabetza behar du.

@ehbilducongreso