Espainiako Diputatuen kongresuak atzera bota du PPren botoei esker, pentsio sistema publikoaren alde Amaiurrek defendaturiko mozioa. Koalizio subiranistak egindako proposamenaren artean daude pentsioen erreforma egitea segurantza sozialeko diru sarrerak handituz, enpresen kotizazioak gehitzea, lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea, sozietateen gaineko zerga eta berari lotutako desgrabazioen erregimen eskuzabala sakonki berraztertzea, fortuna handien gaineko zerga berezi bat ezartzea eta iruzur fiskalaren kontra gogor borrokatzea.



Pentsioen erreformak 33.000 milioi euro aurreztea ahalbidetu duela esanez ekonomia ministroak esandakoez ere hitz egin du Sabino Cuadra. Euskal diputatuak "besteen patriketan eskua sartzea" leporatu dio Espainiako gobernuari. "Aurreztea norberaren patrikan dirua sartu eta dirua norberaren itsulapikoan sartzea da eta ez eskua pentsionisten patriketan sartu eta dirua banketxeetan sartzea", esan du euskal diputatuak

 

Diputatu subiranistak gainera, Gizarte Segurantzako eskumen guztiak Hego Euskal Herrira berehala transferitzea exijitu du. "Gizarte Segurantzaren eta pentsioen arloko esparru propio eta burujabe bat edukitzea exijitzen dugu, gure errealitate sozial eta laboralari erantzungo diona", adierazi du Sabino Cuadrak.

@ehbilducongreso