• Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa sortu zela 36 urte bete direnean, Saharako herriak Marokoko nagusitasuna indarrez pairatzen jarraitzen du.
  • Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan etengabe gertatzen diren manifestazio eskubidearen zanpaketa, atxiloketak, torturak eta tratu txarrak, bortxaketak, desagertzeak, deportazioak eta orokorrean giza eskubideen aurkako salaketa eta gaitzespen bortitzena egiten du Amaiurrek.
  • Amaiurrek gogoratu nahi du nazioarteko legeriaren arabera, 36 urteren ostean Mendebaldeko Sahararen kudeatzaile izaten jarraitzen duela Espainiako estatua.

{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/02/Sahara_Amaiur_Korte_EUSK.mp3{/audio}

 

Gaurko egun batez, duela 36 urte, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak.

Hainbat urteko okupazioaren ostean, 1975eko Madrilgo akordioen bitartez, ordura arte bere kolonia zena “utzi” zien Espainiako estatuak Maroko eta Mauritaniari. Hiru urte geroago, Mendebaldeko Sahara kolonizatzen jarraitzeari uko egin zion Mauritaniak. Ez ordea Marokok. Geroztik, Marokok de facto kudeatzen du Mendebaldeko Sahara.

Nazio Batuen Erakundeak Christopher Ross estatubatuarra Mendebaldeko Saharako gatazkarako ordezkari izendatu eta gutxira, 2010ean Magreben zehar egin zuen bilera errondaren ondotik, Marokoko gobernuak eta Fronte Polisarioak bi aldeen arteko elkarrizketak desblokeatu zituzten.

Hala ere, egoera berri hark Saharako herritarrengan sortu zuen itxaropenak ez du askorik iraun Marokoko gobernuaren jarrera oldarkor eta bortxazkoaren eraginez eta nazioarteko herrialde boteretsuenen isiltasun eta konplizitatearen babespean.

Marokoko indar okupatzaileak Mendebaldeko Saharako biztanleen giza eskubideen aurka burutzen ari diren erasoen testigantzak etengabe entzun ditugu azken hilabete hauetan.

Ildo honetan, giza eskubideen arloko hainbat gobernuz kanpoko erakundek bezala, Amnisty International (AI) edo Human Right Watch (HRW) kasu, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan etengabe gertatzen diren manifestazio eskubidearen zanpaketa, atxiloketak, torturak eta tratu txarrak, bortxaketak, desagertzeak, deportazioak eta orokorrean giza eskubideen aurkako salaketa eta gaitzespen bortitzena adierazten du Amaiurrek.

Horregatik guztiagatik, Mendebaldeko Saharako konponbide justu eta demokratikoa lortze aldera ondoko konpromisoak hartzea eskatzen dio Amaiurrek Espainiako gobernuari:

1.- Bere legedia betetzea. Hau da, Espainiako estatuko diputatuen kongresuak ebatzitakoa betetzea eta gerran dauden estatuei, Marokokoa kasu, armak saltzea debekatzen duen ebazpena betetzea.

2.- Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen legez kanpoko ustiaketari uko egitea eta zehazki, zentzu honetan Saharako arrantza eremuetan arrantza egiteko Europako Batasunak eta Marokok adostutako ituna berritzeko joan den otsailaren 7an Diputatuen Kongresuak hartutako erabakia atzera botatzea.

3.- Mendebaldeko Saharako biztanleen interesen aurka, bertako baliabide naturalak espoliatzen duten Espainiako estatuko enpresak zigortzea, Nazio Batuen Erakundeak ebatzitako erresoluzioak saihestu eta urratzeagatik.

4.- Mendebaldeko Saharako biztanleek, askatasunez eta egokien deritzoten naziotasuna errespetatu eta bermatzea.

5.- Autodeterminazio erreferenduma sustatuz eta nazioarteko zuzenbidean jasotako jurisprudentzian oinarrituz, Mendebaldeko Saharako deskolonizazio prozesua amaitzea.

@ehbilducongreso