- Ohiko espetxe politika aplika dezala eskatu dio Iker Urbina diputatuak Rajoyri. - Amaiurren ustez, Rajoyren argudio politiko bakarra eskubideen urraketak dira.

Iker Urbina diputatuaren arabera “Espainiako gobernuak kontuan izan beharko lituzke, presoen hurbilketaren alde, Nicolas Sarkozyk gaur egin dituen adierazpenak”.

Diputatuen Kongresuan egin duen komunikabideen aurreko agerraldian, Urbinak esan du “Sarkozyren jarrerak Rajoyrenarekin egiten du talka”, izan ere, Amaiurreko diputatuaren ustez “Euskal Herrian sortu den agertoki berriari lagunduko lioketen urratsak eman ordez, eskubideen urraketan oinarrituriko argudio politikoak soilik azaltzen ditu Espainiako presidenteak”. Amaiurren arabera, horren adibide garbia “euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politika”.

Iker Urbinak Espainiako presidenteari eskatu dio “ez dezala aitzakiarik jarri, salbuespeneko espetxe politika alde batera utz dezala eta ohiko espetxe politika jar dezala indarrean”. Urbinaren ustez beharrezkoak dira ere bai “preso guztiak etxetik hurbilen dauden espetxeetara eramatea eta zigorra beteta dutenak zein gaixotasun larriak dituztenak kaleratzea”.

Amaiurreko diputatuak nabarmendu du “Nicolas Sarkozy bera ere presoen hurbilketarekin ados agertu dela, eta beraz, Rajoy, gordeta dagoen lubakitik irteteko ordua dela”.

@ehbilducongreso