- Ondare Sozietateen eta Kapital Aldakorreko Inbertsio Sozietateen atzean dagoen “ingenieria” fiskala salatu du Amaiurrek.

- Iruzur fiskalari buruz, Talde Parlamentario Sozialistak aurkeztu duen Legez besteko Proposamena ezkortasunez ikusten badu ere, Amaiurrek babesa emango diola aurreratu du Rafa Larreina diputatuak.

{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/03/Master-Larreina-Fraude-Fiscal.mp3{/audio}

Amaiurrek salatu duenez Ondare Sozietateen eta Kapital Aldakorreko Inbertsio Sozietateen atzean “lege aldaketak behar dituen iruzur legala dagoela”.

Larreinaren arabera zerga politika eta iruzurraren aurkako borroka, “iruzur legalaren aurkakoa batez ere, lehentasunezko helburua behar luke justizia sozialaren, berdintasunaren eta elkartasunaren ikuspuntutik”.

Amaiurreko diputatuak salatu du “onargaitza dela ondare handietan, kapital handiak zerga sistemetatik at geratzea beti”. Arrazoi horregatik, Larreinak nabarmendu du “haratago joan behar dela, hau da, aldatu beharreko legeak aldatu behar direla zerga mailakatuaren sistemaren aurka doazen eta Ondare Sozietateen eta Kapital Aldakorreko Inbertsio Sozietateen atzean dauden trikimailuak saihesteko”.

Amaiurreko diputatuak adierazi duenez “arazoen sustraietara jo nahi bada behin behineko edo izaera koiunturala ez duten neurri fiskalak hartu behar dira”. Larreinak salatu du “krisi ekonomikoaz baliatzen ari dela PPren gobernua ongizate estatua suntsitu eta eredu neoliberala ezartzeko”.

Amaiurren ustez “PPk eta PSOEk krisi ekonomikoaren diagnosi okerra egiten dute eta horregatik proposatzen dituzte iruzur fiskalaren aurkako borrokan behin behineko aldaketak”.

@ehbilducongreso