{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/03/sabino_osorik2.mp3{/audio}

Duela bost mendeko konkistaz, Senatuan atzo UPNk aurkeztu zuen interpelazioaren harira, Amaiurrek adierazi du “konkistaz geroztik Nafarroa eta Espainiako estatuaren arteko harremanak inposaketan oinarritu direla”.

“Lehenik eta behin konkista militarra izan zen eta ondoren gerra karlista eta frankismoa” gogoratu die UPN eta Espainiako Hezkuntza ministroari Sabino Cuadrak. Amaiurreko diputatuak nabarmendu du gainera, “gaur egun ere, Amejoramendua da Autonomia Estatutu guztien artean herritarrek bozkatu ez duten bakarra”.

Cuadraren arabera “inposaketa horren ondorioz Nafarroak ondorio kaltegarriak nozitu ditu, bai fiskalitate arloan, bai ekonomian eta bai kulturan ere” eta nabarmendu du “horrezaz guztiaz gain, gure anai arrebak diren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekiko indarrezko zatiketa pairatzen dugula”.

Sabino Cuadrak adierazi du “egoera honek errotik aldatu behar duela Nafarroa bera, sustraietatik demokratizatuz”. Amaiurreko diputatuak zehaztu duenez “Espainiako konstituzioak eta Amejoramenduak ezartzen dituzten mugak gainditu behar dira”.

Amaiurrek adierazi du “nafar guztien ahotsa entzun behar duela Espainiako gobernuak” besteak beste “Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiarekiko zein harreman nahi dugun zehazteko”.

@ehbilducongreso