- Erreformek ekonomia produktibora zuzenduak egon behar dute eta ez espekulatibora.

- Larreinaren hitzetan “PPren erreformak neoliberal onaren liburutik hartuak daude”

{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/03/Corte-Larreina-Neoliberal.mp3{/audio}

“Defizitaren obsesioa alde batera utzi eta ekonomiaren hazkundean helburutzat jo dezala” eskatu dio Rafa Larreinak Mariano Rajoyri. “Egonkortasunaren eta hazkundearen kontzeptuak bateratzea gauza positiboa da, baina arazoa estrategia ekonomikoaren norabidean datzala” adierazi du Amaiurreko diputatuak. “Hitz gutxitan esanda, kontua da espekulazioan oinarrituriko ekonomia ala ekonomia erreala den helburua”, horrela mintzatu da gaur Rafa Larreina, Europako Kontseiluaren azken batzarrari buruzko eztabaidan.

Erreforma estrukturalak beharrezkoak direla esan du Larreinak baina zehaztu du “ekonomia produktiborantz bideratu behar direla” eta berriz ere salatu du “zerbitzu publikoen eta ongizate estatuaren bizkarrera egiten ari direla erreforma horiek”.

Amaiurren ustez horren adibiderik argienetakoa lan erreforma da. Larreinaren hitzetan “erreforma hori neoliberal onaren liburutik aterata dago”. Amaiurreko diputatuaren arabera, modu askotara egin daiteke lan erreforma, “Finlandian bezala”, izan ere, Larreinak adierazi duenez “Helsinkik hartutako neurriek langileak eta langabetuak are gehiago babestu eta etxebizitzarako diru laguntzak handitzen dituzte”. Amaiurreko diputatuak gogoratu duenez Finlandiako gobernua kontserbadorea da, Espainiakoa bezala.

Bere hitzaldian “eredu ekonomikoa errotik aldatzea” proposatu du Larreinak. “Arazoa ez dago lan esparruko legerian, eredu sozioekonomikoan baizik” zehaztu du Amaiurreko diputatuak eta “ekonomia erreala espekulatiboagatik aldatu izana” leporatu dio Espainiako gobernuari.

Finantza arloko erreforma ere izan du ahotan Larreinak. Bere esanetan “konpainia handien oligopolioa sortzera zuzendutako erreforma da hori, hau da, izaera sozialeko aurrezki kutxak kaltetzera eta desagerraraztera dator finantza erreforma”.

Aurretiaz, Rajoyk berak aipaturiko estatuko administrazio eta erakundeen modernizazioaz ere hitz egin du Rafa Larreinak. Amaiurreko diputatuak adierazi duenez “burbuila instituzional” horri ekin behar zaio bere ustez Espainiako estatuak duen arazorik handienetakoa delako. “Erreforma horren atzean guztiontzako kafearen murrizketa dagoela” esan du Larreinak. Amaiurreko diputatuaren hitzetan arazoa “ez du Euskal Herriak, Espainiako estatuak baizik”, bere ustez “bat ere eraginkorra ez den estatua delako eta bestelako erreformak egiten ez badituzte ekonomikoki estatu galdua” izango delako.

@ehbilducongreso