Espainiako gobernuak onartu berri duen aurrekontuen proiektuaren inguruan, Amaiurrek hauxe adierazi nahi du:

1. Alderdi Popularra egiten ari den murrizketen politikaren aurkako gure jarrera berresten dugu.

2. Adierazgarria da oso krisiaren ondoriorik larriena langabezia den honetan, enplegua sortzera bideratutako politika aktiboetan ia 1600 milioiko murrizketak egitea. Kontuan hartu behar dugu gainera, arlo honetan murrizketa garrantzitsuak izan zirela 2011an. Beraz, argi salatu behar dugu, aurrekontu hauen helburua ez dela enplegua sortzea.

3. Adierazgarria da ere bai arlo ezberdineko inbertsioetara bideratutako Sustapen (-%34,6) eta Hezkuntza eta Kultura ministerioaren (-%21,2) edota Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun ministerioen (-%13,7) diru partidak bestelako helburuak dituzten ministerioen aurrekontuak baino gehiago murriztea. Hau da, gerra eta errepresiora bideratutako Defentsa (-%8,8) eta Barne ministerioez (-%4,3) ari gara. Kezkaz hartzen dugu ere bai Nekazaritza eta Ingurumen ministerioen aurrekontuak %31,2 murriztu izana.

4. Diru sarrerei dagokionez zera salatu nahi dugu: batetik, iruzur fiskalaren babesean ezkutaturiko kapitalen erregularizazioa bultzatzen ari dela Espainiako gobernua estalitako amnistia fiskalaren bidez. Eta bestetik, ondare elkarteen eta SICAV direlakoen bitartez zergarik ordaintzen ez zuten operazioei aurre egiteko ogasun erreforma eraginkorrik ez egiteko Espainiako gobernuaren asmoa salatzen dugu.

5. Azken finean eredu sozioekonomiko neoliberalagoa ezartzera datozen aurrekontuak dira. Alegia, Espainiako gobernua espekulazioan oinarrituriko finantza kapitalak babesten ari dela salatzen dugu eta aldi berean, gastu soziala murrizten.

6. Espainiako gobernuak hartu dituen aurrekontu eta ekonomia arloko neurriak ez dira berriak. Are gehiago, pairatzen ari garen krisi hau eragin zuten berberak dira eta krisia bera sortu zutenak lagundu eta indartzeko helburua dute.

7. Aurrekontu proiektua onartuz, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarren aldarrikapenei entzungor egin die Espainiako gobernuak. Izan ere, joan den ostegunean euskal jendarteak argi eta ozen esan zuen batetik, ez dituela inposatzen ari zaizkigun erreforma ekonomikoak nahi eta bestetik, lan harremanen eta gizarte babeserako euskal esparru propioa nahi dugula.

8. Amaiur bat dator eragile sindikalek eta oro har, herritarrek joan den ostegunean egin zituzten kritika eta aldarrikapenekin.

9. Amaiurrek ezinbesteko ikusten du justizia sozialean oinarrituriko eredu ekonomiko berri bat. Horretarako, ordea, burujabetza politiko eta ekonomikoa izateko tresna propioak behar ditu Euskal Herriak.

10. Azkenik, gure poza agertu nahi dugu joan den ostegunean Euskal Herrian antolaturiko greba orokorraren arrakastagatik eta era beran, euskal jendartea zoriondu nahi dugu egindako indar erakustaldiagatik.

@ehbilducongreso