Iñigo Cabacas gaztearen hilketaren inguruan, Jorge Fernandez Diaz, Espainiako barne ministroak egin dituen adierazpenen harira, Amaiurrek hauxe adierazi nahi du:

Justifikaziorik gabeko eta gehiegizko karga batean Ertzaintzak hil duen gaztearen auziaz barne ministroak arinkeriaz egin dituen adierazpenak salatu nahi ditugu.

Iñigo Cabacasen senideekiko ez ezik, euskal gizarte osoarekiko ere barne ministroak erakutsi duen errespetu eza salatu nahi dugu.

Hau ez da kasu isolatu bat. Euskal Herriak ondo baino hobeto ezagutzen ditu zeintzuk diren indarkeria polizialaren ondorio lazgarriak. Indar polizial ezberdinek (Ertzaintza, Polizia Nazionala, Foru Polizia eta Guardia Zibila) egiten duten gomazko piloten (Europako Batzordeak debekatu egin ditu) gehiegizko eta kontrolik gabeko erabilera salatu nahi dugu.

Indar polizial eta militar ezberdinek gure lurraldean inpunitate osoz eta euskal gizartearen gehiengoaren borondatearen aurka jarduten dutela salatzen dugu.

Ertzaintzaren eta Eusko Jaurlaritzako barne sailaren baitan ardurak bere gain har ditzatela exijitzen dugu. Rodolfo Ares jaunak, gertaera hauen erantzule politikoa den aldetik, bere dimisioa eman behar du berehala.

Gertaera guztiak, eta beraz, egia erabat eta ahal den azkarren argitzea exijitzen dugu.

@ehbilducongreso