{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/04/Sabino-Cuadra-reforma-laboral.mp3{/audio}

Greba Orokorran kolpatuak, zigortuak, atxilotuak eta auziperatuak izan direnei elkartasuna adierazi die Amaiurrek Lan Erreformaren Lege Proiektuaren osoko eztabaidan.

Grezian “bere buruaz beste” egindako Dimitris Christoulasen senide eta lagunei ere elkartasuna adierazi die Sabino Cuadrak.

Ezker Abertzalearen legez kanporatzearekin gertatu legez, “gure herrian gutxiengoa den eskuinak inposatu nahi digun lan erreforma bera ere, iruzurra dela” salatu du Amaiurreko diputatuak.

Lan erreformari osoko emendakinik ez aurkeztu arren, Sabino Cuadra diputatuak gogora ekarri du orain arteko interbentzioetan argi geratu dela Amaiurren kontrako jarrera. “Azken berrogei urteetan lan eskubideen aurka izan den erasorik bortitzena da lan erreforma hau” Cuadraren arabera.

Diputatu abertzaleak adierazi duenez, besteak beste, lan merkatua desegituratzea eta negoziazio sindikalaren eta sindikatuen beraien jarduera hustea dira lan erreformaren helburuak. “

Amaiurreko diputatuaren arabera erreforma honi aurkeztu zaion osoko emendakinik onena martxoaren 29ko Greba Orokorra da. Sabino Cuadrak gogora ekarri du “hamar milioitik gora pertsonek grebarekin bat egin zutela estatu osoan eta milaka eta milaka kalera irten zirela.

Diputatu abertzaleak elkartasuna adierazi die bestalde, “euren eskubideak defendatzera irten ziren langile, gazte eta emakume guztiei” eta nabarmendu du “Islandian bezala, krisia eragin dutenak direla kalteak ordaindu beharko lituzketenak”.

Amaiurreko diputatuaren arabera greba orokorrean indarkeria handiena erabili zutenak poliziak, kontratu prekarioak egiten dituen patronala eta gehiegizko gutxiengo zerbitzu minimoak ezarri dituzten erakunde publikoak izan dira”.

Ekonomia esparru burujabea

Amaiurreko diputatuak nabarmendu duenez “Euskal Herriko sindikatuen %100a lan erreformaren kontra azaldu da” eta erantsi du “herritarren %22ren babesa baino ez duten PP eta UPNk soilik babesten dutela”. Sabino Cuadrak salatu duenez bi alderdi politiko horiek antidemokratikoki eta iruzur eginez herritarren %78ri inposatzen dietela Madrildik lan erreforma hau”.

Bere ustez, Ezker Abertzalearen legez kanporatzeak suposatu zuen “iruzurraren” ondorioz, euskal Autonomia Erkidegoan PP eta PSEren gobernua eta Nafarroan UPN eta PSNrena dagoen bezala, orain, Euskal Herrian gutxiengoa den eskuinak gure herriari inposatzen dion “iruzur zentralistaren” aurrean gaude.

Horregatik guztiagatik, ekonomia eta gizarte arloko esparru burujabea aldarrikatu du Cuadrak. “Guk geuk, gure kabuz erabaki nahi dugu, inork ezer inposatu gabe” adierazi du diputatu abertzaleak.

Emendakinen bozketa

PSOE, IU, BNG eta ERCk aurkeztu dituzten osoko emendakinen bozketan abstentziora jotzeko arrazoiak azaldu ditu Sabino Cuadrak.

“Alderdi politiko horiek aurkeztutako osoko emendakinek gure errespetu osoa eta txaloak merezi dituzte, baina ezin diegu baiezkorik eman hiru arrazoirengatik: lehenik, urtarrilean UGT-CCOO sindikatuek eta CEOEk hitzartutako akordioa ontzat ematen dutelako horietako batzuk, bigarrenik, lan harremanen euskal esparruaren aipamenik txikiena ere egiten ez dutelako eta azkenik, euskal gehiengo sindikalak onarturiko dekalogoak egiten dituen aldarrikapenak jasotzen ez dituztelako”.

@ehbilducongreso