{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/04/Larreina-korte-12-04-12.mp3{/audio}

Defizit publikoa gutxitzeko asmoz Espainiako gobernuak onartu dituen zerga neurri berriekin iruzur fiskalari gorazarre egiten ari zaiola salatu du Rafa Larreinak.

Bere esanetan “herritarrek bidegabe jotzen duten amnistia fiskala baino ez dira neurri horiek” eta erantsi du “neurriok ez dutela iruzur fiskalaren arazoa konponduko”.

Larreinak gogoratu duenez, Espainiako gobernu batek onartzen duen laugarren amnistia fiskala da hau. Are gehiago, “ogasun ministerioko teknikoen datuen arabera, neurri horiek martxan jarri dituzten bakoitzean iruzurra handitu egin dela” adierazi du diputatu abertzaleak.

Horregatik guztiagatik, zerga iruzurra gutxitzeko irtenbide bakarra zerga ikuskaritzara baliabide gehiago bideratzea dela uste du Larreinak. Bere hitzaldia bukatu aurretik, ogasun alorreko euskal esparru propioa aldarrikatu du Amaiurreko diputatuak.

Bestelako eredu ekonomikoa

Aurrekontuen egonkortasunerako lege proiektuaren ebazpenaren inguruko eztabaidan ere, Euskal Herriarentzat bestelako eredu sozioekonomikoa aldarrikatu du Larreinak. “Ikuspuntu ekonomiko, ingurumen eta sozialetik, ekonomia eredu jasangarria behar dugula” adierazi du diputatu abertzaleak.

Larreinak salatu duenez, ekoizpenean oinarrituriko ekonomia alde batera utzi eta espekulazioan oinarrituriko ekonomiaren aldeko apustua egin du Espainiako gobernuak. “Aurreko urteetako mugiezinen burbuila da estatua pairatzen ari den krisiaren arrazoietako bat” esan du Larreinak.

@ehbilducongreso