Latin Amerikako gaietarako Senatuko batzordean egin duen hitzaldian, Urko Aiartzak adierazi du “beste edozein herrialde burujabe eta librek egingo lukeena egin duela Argentinak, hau da, bere energia eta natura baliabideak interes orokorraren zerbitzura jarri eta ez multinazionalen zerbitzura”.

“Argentina eta Repsolen arteko gatazka baten aurrean gaudela” adierazi du Aiartzak. Bere ustez gainera, gatazka hau konpontzeko “indarrean dauden nazioarteko bide eta arauak jarraitu beharko lirateke, adibidez, 1991ko Nazioarteko Inbertsioetarako hitzarmena eta Washingtongo hitzarmena”.

Amaiurreko senatariak Argentinako gobernuaren eta Repsol multinazionalaren arteko gatazka “dagokion” testuinguruan kokatu du. “Globalizazio eta eskualde ezberdinen bloke berrien eraketaren errealitatea bizi dugu gaur egun. Are gehiago, herrialde askok baino indar handiagoa duten multinazionalak sortzen ari direla” adierazi du Aiartzak. Bere ustez, “multilateralitatea” eta “simetria” gero eta handiagoak diren munduan bizi gara.

Hain zuzen, Amaiurreko parlamentariaren arabera ezaugarri horiek guztiak kontuan hartu behar dira Latin Amerikan gertatzen ari diren gauza asko ulertzeko eta UNASUR eta ALBAren sorrera adibide bezala jarri ditu. Bere esanetan, “testuinguru horretan kokatu behar da YPF nazionalizatzeko Argentinako gobernuak hartu duen erabakia”.

@ehbilducongreso