Prentsaurreko honen helburua 2012ko Estatuko Aurrekontu Orokorren aurka Amaiurrek aurkeztu duen Osoko Emendakina euskal gizarteari azaltzea da.

Emendakin honekin zera erakutsi nahi dugu: Espainiako gobernuak Euskal Herriaren nazio izaera eta Europa eta mundu osoko beste herrialde guztiekin buruz buru jarduteko, hau da, burujabe izateko gure herriak duen eskubidea ukatzen duela, batetik, eta bestetik, krisi ekonomikoari eta honen ondorio larriei ikuspuntu eskuindar eta ultraneoliberal batetik ari zaiola erantzuten Espainiako gobernua.

Sabino Cuadra {audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/04/korte-Sabino-PGE-1.mp3;http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/04/Korte-Sabino-PGE-2.mp3{/audio}

Aurrekontuen gure irakurketak bi esparru ditu. Ekonomikoa eta politikoa.

Lehenengoari dagokionean, esan behar dugu, aurrekontu hauek ez diotela ez erantzunik ez eta irtenbiderik ematen krisi ekonomikoari, sozialari, instituzionalari eta politikoari. Are gehiago, krisiaren iturburuak ez ezik, ondorioak ere handitzen dituzte. Aurrekontu hauek atzeraldia eta langabezia dakarte eta irabaziak langileengandik jasotzen dituen eredu sozioekonomiko neoliberala indartzen dute. Aurrekontu hauek zergarik ordaintzen ez duten kapital espekulatzaile eta finantzieroak babesten dituzte eta noski, bazterketa handiena pairatzen duten pertsonak are gehiago baztertu. Espainiako gobernuaren helburua ez da kalitatezko enplegua sortzea, defizita kontrolatzea baizik.

Gogora dezagun gainera, lan eta finantza erreformaz eta zerga neurri berriez lagunduta datozela aurrekontu hauek.

Hain zuzen, puntu honetan sakondu nahi genuke ere bai. Iruzurrari gorazarre egiten dioten neurri fiskalak bultzatzen ari da Espainiako gobernua. Iruzur fiskala moztu beharrean, amnistia fiskala jarri du indarrean PPren gobernuak.

Neurri handi batean, pairatzen ari garen krisi ekonomikoaren sortzaileak babestu eta indartzera datoz aurrekontu hauek. Herritarrei ordea, ahalegin handiagoak eskatzen dizkio Espainiako gobernuak. Herritarren eskubideak zapaltzen dituen bitartean, ondare sozietateek, finantza eta espekulazio erakunde handiek dagozkien erantzukizun fiskalei muzin egiten jarraituko dute.

Aurrekontu hauen bitartez, sektore pribatua indartu eta publikoa desegin nahi du Alderdi Popularrak. Eta bide batez, estatua are gehiago zentralizatu. Hau da hain zuzen, aurrekontu hauetaz egiten dugun bigarren irakurketa.

Espainiako gobernuak are gehiago estutu eta murriztu nahi du Hego Euskal herriko lau lurraldeek duten burujabetza apurra. Aurrekontu hauekin estatuaren zentralizazio prozesua hasi nahi du gobernuak.

Euskal Herriaren errealitate ekonomiko eta sozialetik at dauden aurrekontuak izateaz gain, gatazkaren normalizazio eta konponbide politikorako prozesuari lekurik uzten ez diotela salatu nahi dugu.

Aurrekontu hauen eduki eta filosofiari erreparatuz gero, ohartuko gara euskal gizartearen izaera bereizia agerian uzten dutela. Aldi berean, nabarmendu nahi dugu euskal gizartea ez datorrela bat aurrekontu publiko hauekin, are gehiago, ez duela indarrean dagoen esparru juridiko politikoarekin bat egiten.

Euskal Herriak burujabe izan behar duela, hau da, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko (Iparraldekoekin batera) herritarren arazo eta beharrizanei erantzuteko gure tresna propioak izateko beharra berresten digute aurrekontu hauek. Gizarte justu bat eraikitzeko eredu sozioekonomiko berria garatu nahi du Euskal Herriak.

Ildo horretan, pase forala indarrean jartzeko eskaera egiten diegu Iruñea eta Gasteizko gobernuei. Hau da, ez dezatela etsi, ez daitezela Espainiako gobernuaren esanetara makurtu eta onarturiko neurri eta legeak aplikatzeari uko egin diezaiotela.

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako herritarrek euren iritzia eman dute jada. Eta esana dugu, aurrekontuen aurkako emendakin onena joan den martxoaren 29ko Greba Orokorra dela. PSE, PP, UPN eta PSNri zera esaten diegu: garaia dela Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarrei entzuteko. Inposizio gehiagorik ez. Euskal gizartearen hitza eta erabakia errespetatzeko garaia da.

Hauxe guztia esanda, berriz diogu: nazio eraikuntza eta gizarte eraldaketa bultzatzeko gure konpromisoa berresten dugula. Helburu batekin: Euskal Herri burujabe, justu eta solidarioan urratsak ematea.

@ehbilducongreso