• Amaiurrek salatu duenez aurrekontuek atzeraldi eta langabezia gehiago ekarri dute.
  • Larreinaren arabera Alderdi Popularrak krisia baliatu nahi du estatua are gehiago zentralizatzeko.
  • Koalizio soberanistak dio Espainiako aurrekontuak Euskal Herriaren errealitate ekonomiko eta sozialetik at daudela eta ez diotela gatazkaren konponbideari ekarpenik egiten.

Aurrekontu orokorren eztabaidan egin duen hitzaldian, Rafa Larreina diputatuak esan du “aurrekontuen helburua ongizate estatua suntsitu eta eredu ekonomiko eta sozial neoliberal eta ultrakontserbadorea bultzatzea dela”.

 

Amaiurreko diputatuaren ustez gainera, “hirugarren urtez jarraian bigarren atzeraldian sartu garela esanez, joan den astelehenean Espainiako Bankuak kaleratu zuen txostena, greba orokorrarekin batera, aurrekontuei aurkeztu zaien bigarren osoko emendakina da”.

“Aurrekontuek ez diote ez erantzunik ez eta irtenbiderik ematen krisi ekonomikoari, krisi sozialari, krisi instituzionalari eta krisi politikoari. Are gehiago, krisia bera, hau da, atzeraldia eta langabezia handitu eta eredu sozioekonomiko neoliberala indartzen dutela” adierazi du Larreinak.

Diputatu abertzalearen ustez Espainiako gobernuak onartu dituen neurri ekonomikoek “zergarik ordaindu gabe segitzen duten kapital espekulatibo eta finantzieroak babestu eta gastu soziala murrizten du” eta gaineratu duenez “ez du kalitatezko enplegurik sortzeko helbururik, hau da, ez dira eraginkorrak krisiari aurre egiteko”.

Kongresuan egin duen hitzaldian, Larreinak esan du Barne Produktu Gordinaren defizita %8,5etik %3ra jaisteaz hitz egiten denean “BPGren benetako murrizketa %12 izango dela estaltzen ari direla, hau da, gastuan 100 euro murrizten diren bakoitzean diru-sartzeak ere 60 euro behera egiten duela eta beraz, benetako murrizketa 120.000 milioi eurokoa izango dela”.

Diputatu abertzaleak kritikatu duenez langabeziari bideratutako laguntzetan 1669 milioi euroko murrizketak izango dira eta “Kontzeptu horietara bideratutako diru laguntzen murrizketek are gehiago ahulduko dituzte gizarte laguntzak eta ezelako laguntzarik jasoko ez duten pertsona langabetuen kopurua handituko dute”.

“Guztiontzako kafeak” porrot egin du

Diputatu soberanistaren ustez krisi sistemikoak Espainiako estatuan dituen ezaugarrien artean daude adreiluan oinarrituriko kultura eta estaturik gabeko nazioei erantzunik eskaintzen ez dien bukatu gabeko trantsizio batek sortutako burbuila instituzionala”.

 

“Duela hogeita hamar urte uste zuten kataluniarren, galiziarren eta euskaldunen aldarrikapenei muzin eginez, arazoa konponduta zeukatela. Ba ez. Guztiontzako kafeak porrot egin duela” nabarmendu du Rafa Larreinak. Amaiurreko diputatuak gogoratu duenez arazoak mahai gainean segitzen du: gure burujabetzarekiko errespetuaren exijentziak orduan baino indar handiagoa du”.

Euskal Herria

Egoera honen aurrean, erabateko burujabetza garatzeko Euskal Herriak bere tresna propioak behar dituela berretsi du Larreinak eta adierazi du “Euskal Herriaren errealitate ekonomiko eta sozialetik at dauden aurrekontuak direla eta ez diotela bizi dugun garai politiko berriari ekarpenik egiten”.

 

Bere ustez aurrekontu hauen filosofia eta edukiaren azterketak agerian uzten du euskal gizartearen berezitasuna. “Argi utzi du PPk euskal Euskal Herrikoa gizarte bereizia dela” esan du Larreinak eta gehitu duenez “euskal gizartea ez dator bat ez aurrekontu hauekin ez eta indarrean dagoen esparru politiko juridikoarekin ere”.

@ehbilducongreso