M29ko Greba Orokorrean desordena publikoa eragin eta lanerako eskubidearen aurka egin izanaren akusaziopean Polizia Nazionalak beste bost lagun atxilotu zituen atzo Iruñean eta dagoeneko 39 dira arrazoi horiengatik poliziak Nafarroan atxilotu dituen herritarrak.

Amaiurrek erabat gaitzesten ditu atxiloketok eta langileen aurkako jazarpena albo batera utz dezatela dei egiten diegu PP eta UPNri.

Bi alderdiok ezin dute jasan Greba Orokorrak Nafarroan izan zuen arrakasta, ez eta Nafarroako gehiengo sozialak Espainiako gobernua onartzen ari den murrizketen aurka kalera irten eta bere haserrea modu baketsuan erakutsi izana ere. Ildo horretatik, PP eta UPNri esan nahi diegu murrizketak ezin direla indarrez, errepresio bidez inposatu.

Aldi berean, deigarria iruditzen zaigu Greba Orokorrarekin lotuta, estatuan izan den atxiloketa kopuru handiena Nafarroan gertatu izana. Beraz, gertaerok dagozkien testuinguruan kokatu behar direla uste du Amaiurrek.

Berriz ere, Euskal Herria da, eta Nafarroa bereziki, errepresio bortitzena pairatzen ari den lurraldea. PPk eta UPNk ezin dute jasan garai politiko berriaren alde euskal gehiengo sozialak egin duen apustua, ez eta eredu sozioekonomiko berri baterako ezkerreko indar soberanistek proposamena egin izana ere. Aldaketa politiko eta ekonomikorako nahiak zapuztu nahi dituzte PPk eta UPNk.

Bitartean, bi alderdi politiko horiek gure herriarentzako duten eskaintza erakusten dute egunetik egunera: murrizketak, erreforma atzerakoiak, pribatizazioak, langabezia, prekarietatea eta errepresio gordina.

Horregatik guztiagatik, murrizketen aurka eta burujabetza politiko, ekonomiko eta sozialaren alde mobilizatzen jarraitzeko deia egiten diogu euskal gizarteari eta aldi berean, datorren igandean, maiatzaren 6an, Iruñeako Labrit pilotalekuan egingo den proposamen sozioekonomiko berriaren aurkezpen ekitaldira joateko gonbita luzatzen diegu herritarrei.

@ehbilducongreso