{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/05/Audio-Eusk-Sabino-Bateragune.mp3{/audio}

Lehenik eta behin gure besarkadarik beroena helarazi nahi diegu Arnaldo, Rafa, Sonia, Arkaitz, Miren eta Espainia eta Frantzian sakabanaturik dauden gainontzeko presoei.

Onartezinak dira Bateragune auzian inputaturiko lagunei ezarri dieten sei eta sei urte eta erdiko zigorrak.

Arduraz ikusten dugu, itxaropenezko garai hauetan Espainiako gobernuak zigor neurrien alde egin duen hautua. Izan ere, Arnaldo, Rafa, Sonia, Arkaitz eta Miren, beraien lan politikoagatik zigortu dituzte. Eta gogoan izan behar dugu, lan politiko horrek ekarri duela hein handi batean, orain bizi dugun egoera politiko berria.

Injustizia bat da. Euskal gizartearen gehiengo zabal batek ulertzen ez duen sententzia. Eta ez du ulertzen, badakielako eskubideen urraketak tokirik ez duen garai berri batean sartu garela. Bakearen aurkako sententzia politikoa da.

Sei hilabete pasa dira ETAk behin betiko su etena aldarrikatu zuenetik eta Euskal Herriko eragile politiko eta sozialek, nazioarteko hainbat eragilerekin batera, Aieteko Adierazpena aurkeztu zutenetik.

Hala ere, sei hilabete hauetan, gizartearen bake nahiari muzin eginez, konponbidea erraztera bideraturiko ekimen oro zangotrabatu ditu behin eta berriz Espainiako gobernuak.

Horregatik guztiagatik, arduraz eta erantzukizunez joka dezala eskatzen diogu berriz ere Mariano Rajoyri. Behingoz, herritarrei entzun eta salbuespeneko neurri errepresiboak albo batera uztea eskatzen diogu Espainiako gobernuari. Bakea eraikitzeko unea da.

@ehbilducongreso