Bankian diru publikoa sartzeko Espainiako gobernuak hartu duen erabakiaz, hauxe adierazi nahi du Amaiurrek:

1.- GARDENTASUN ETA KONTROLIK EZA

Krisiaren hasieran, duela hiru urte, alderdi politiko batzuek (PP, PSOE…) eta patronalak ziotenez, beste herrialde batzuekin alderatuz Espainiako ekonomiak zuen abantailarik handiena bere bankuen osasun paregabea zen.

Hala ere, denboraz argi geratu da hori guztia gezurra zela, eta banku eta aurrezki kutxa horiek hutsik zeudela, porlan eta adreiluz beteak soilik. Beraz, bitarte horretan non izan dira Espainiako Bankua eta Espainiako gobernua?

2.- BANKETXEAK IZAN DIRA, SEKTORE EKOIZLEEN ETA GIZARTE INBERTSIOEN GAINETIK, INTERBENTZIO PUBLIKOAREN ONURADUN NAGUSIAK

2008an krisia hasi zenean, banketxeei bideraturiko mailegu eta diru laguntzak izan dira kuantitatiboki zein kualitatiboki, PSOE eta PPren gobernuek ekonomia gaietan egin dituzten ekimen nagusiak.

Aurrekontu publikoak aurreko guztiaren menpe izan dira. Gizarte gaietan murrizketaz murrizketa (osasungintza, hezkuntza, enplegua…) ibili dira gobernu horiek eta enpleguaren gaian utzikeriaz jokatu dute.

3.- BAKIAREN “NAZIONALIZAZIOA”

IRUZUR berri baten aurrean gaude, izan ere porrot egindako banketxe pribatu batera bideratuko baitute diru publikoa. Eta banketxea saneaturik dagoenean, berriz ere, dirutza hori esku pribatuetan jarriko dute.

Urte hauten guztietan banketxe pribatuetara bideraturiko dirutza benetako BANKETXE PUBLIKO bat sortzera bideratu izan balitz, finantza entitate baliagarria izango genukeen krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko.

4.- ERANTZUKIZUN PERTSONAL, POLITIKO ETA PENALAK

Banketxe eta aurrezki kutxen zuzendari eta kontseilarien arduragabekeriaz hitz egiten den bitartean, horien soldata handiak eta jaso dituzten kalte-ordain izugarriak aipatzen dira etengabe modu lotsagabean.

Banketxe horien guztien auditoria publikoa egitea ezinbestekotzat jotzen dugu (batik bat, Bankia eta berau osatzen duten aurrezki kutxena), eta aldi berean, entitate horiek guztietan ardura postuak izan dituztenen erantzukizun pertsonal, admnistratibo eta penalak zehaztea eskatzen dugu.

5.- EUSKAL BANKETXE PUBLIKOA

Aurretik esandako guztiarekin lotuta, EUSKAL BANKETXE PUBLIKOA sortzearen beharra berretsi nahi du Amaiurrek. Euskal Herriko aurrezki kutxen parte hartzea ezinbestekoa da. Hori bai, izaera publiko eta soziala duen horrelako egitasmo batek erabateko babes politikoa izan beharko luke.

EUSKAL BANKETXE PUBLIKO horretan erakunde publiko guztiek eta gizarte eragile eta sindikalek parte hartu beharko lukete.

Horregatik guztiagatik, burujabe izateko beharrezko diren tresna guztiak aldarrikatzen ditu Amaiurrek. Burujabetasun politiko, ekonomiko eta soziala da alternatiba bakarra.

@ehbilducongreso