{audio}http://ehbildu.net/images/amaiur/2012/05/Corte-Amaiur-salud.mp3{/audio}

Sabino Cuadrak azaldu duenez, osasun arloan Alderdi Popularraren gobernuak aurre ikusi dituen murrizketek gizarteko sektore ahulenei egin diete kalte handien. “Besteak beste, adineko pertsonak, ezinduak, gaixo kronikoak eta etorkinak izango dira osasun zerbitzuen kalitatearen txikitzea gehien nozituko dutenak” esan du Amaiurreko diputatuak.

Ildo horretatik, pribatizaziorako Alderdi Popularrak duen joera salatu du Cuadrak, bere esanetan “lege-dekretu horri kopagoaren politika eta osasun zerbitzuen kaltetzea gehitzen badiogu, osasun sistema publikoaren erabiltzaileak sistema pribatura eramateko mundu mailako politika neoliberal baten aurrean aurkituko garelako”.

Sabino Cuadrak salatu duenez “lege-dekretu horrek osasunerako eskubidea aseguru-etxeekin alderatzen du eredu bikoitz bati ateak zabalduz, hau da, ekonomikoki ondoen dauden herritarrek diru publikoz lagunduriko kalitatezko aseguru-etxe pribatuak izango dituzte, sektore baztertuenek gero eta hondatuago egongo den osasun sistema publikoa izango duten bitartean”.

Etorkinak

Osasun zerbitzuetarako etorkinen eskubidea mugatzeko Alderdi Popularraren asmoa kritikatu du ere bai Amaiurreko diputatuak. Cuadraren arabera “jarrera erabat xenofoboa da hori, besteak beste, krisiak gogor kolpaturiko gizarte sektore zabal bat osasun sistematik at utziko duelako”.

Farmazia industria

Sendagaiei dagokienez “farmazia industria publikoaren beharra” nabarmendu du Sabino Cuadrak. Are gehiago, bere ustez “farmazia industria publiko horrek ikerkuntza, ekoizpena eta banaketa bere gain hartu beharko lituzke”. Diputatu soberanistak salatu duenez “lege-dekretu horrek herritarren osasunaren kontura negozioa egiteko lotsarik ez duen farma-industriaren alde egiten du ezbairik gabe”.

Bukatzeko, estatuko gainontzeko herritarrei bere elkartasuna adierazi arren, burujabetasun politiko, ekonomiko eta soziala garatzeko Euskal Herriak duen eskubidea aldarrikatu du Sabino Cuadrak. “Burujabe izango bagina, gure osasun sistema publikoa garatzeko aukera izango genuke” Cuadraren arabera.

@ehbilducongreso