Iker Urbinak Alderdi Popularraren aurrekontu orokorrak kritikatu ditu “bai edukian eta baita formaz ere, eredu neoliberala sakondu eta eragile sozialak baztertzen dituelako eta Euskal Herriaren errealitate ekonomiko eta sozialetik at daudelako”

Diputatu soberanistaren arabera “Espainiako gobernuaren aurrekontuek ondasun handien eta finantza erakunde handien interesak lehenetsi eta murrizketak handitzen ditu”. Urbinak ordea, bestelako eredu sozioekonomiko bat defendatu du, “gizarte eskubideak babestu eta ekonomiaren helburua herritarrak diren eredua”.

Amaiurreko diputatuak salatu duenez “lehen eta orain, zor publikoa handitu eta botere ekonomiko handien patrikak bete dituzte Espainiako gobernu ezberdinek” eta “banketxeei euren zor pribatuari aurre egiteko diru publikoa ematea” kritikatu du. Ildo horretatik gizarte politikek duten garrantzia nabarmendu du Urbinak.

Euskal Herriaren burujabetasuna

Eredu sozioekonomiko berri bat garatzeko Euskal Herriak bere tresna propioak izateko duen eskubidea aldarrikatu du Amaiurreko diputatuak. “Burujabetasuna ez da soilik nortasun kontu bat, beharrizana baizik” esan du Urbinak eta “euskal herritarrek euren aurrekontuak egin eta euren defizita eta zor publikoa kudeatzeko duten eskubidea” defendatu du.

Bukatzeko, “guretzat nahi ez duguna, ez dugu estatuko edo Europako beste herri eta nazioetarako nahi” adierazi du Amaiurreko diputatuak. “Horregatik, gauden lekuan gaudela ere langileen eta herrien eskubideen alde egingo dugula” esan du Iker Urbinak.

@ehbilducongreso