Rafa Larreina diputatuak gogor kritikatu ditu Estatuko Aurrekontu Orokorrak “ez dutelako ekonomiaren egitura erreformatzen, ez dutelako ekonomia erreala bultzatzen, ez dutelako ongizate estatuaren aldeko apusturik egiten eta ez dutelako Espainiako estatuaren barne dauden nazio txikiak onartzen”.

Aurrekontuei aurkeztu zaizkion zatikako emendakinen eztabaidan egin ditu adierazpenok Amaiurreko diputatuak eta salatu du “ekonomia produktiboa, erreala ahaztu eta finantza sektore espekulatiboen kezkei erantzuten diela Alderdi Popularraren gobernuak”. Hain zuen, Larreinaren arabera ekonomia produktibo hori da enplegua eta aberastasuna sortzen dituena”.

Diputatu soberanistak “Estatuko eta Euskal Herriko oinarri sozioekonomikoa diren industria txiki eta ertaina ahaztu izana” aurpegiratu dio ekonomia ministroari.

Ildo horretan, Amaiurreko diputatuak Euskal Herriko enpresa ugarik bizi duen egoera larria salatu du, bere hitzetan “eskariak eta irabaziak izan arren, banketxeengandik finantziaziorik jasotzen ez dutenez, ez diete eskari horiei erantzun”.

Larreinak gogoratu duenez Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ekonomiaren egoera estatukoa baino hobea da eta gaineratu du “euskal enpresak behar dena baino egoera hobean ez badaude, estatuko barne merkatuaren gainbeheragatik da, eta hori oztopoa baino ez da”.

Zorpetze pribatua

Larreinaren ustez “benetako arazoa zorpetze pribatua da, eta ez publikoa”, alegia, “banketxeek eta finantza sektore espekulatzaileek sortu duten zorpetze pribatua”. Amaiurreko diputatuak adierazi duenez gainera, “finantza erakunde horiek dira sektore pribatua itota egotearen erantzule nagusiak”.

PP-PSE y UPN-PP

Rafa Larreinaren arabera “PSE, PP, UPN eta PSN-k estatuko ekonomia ereduaren gero eta antz handiagoa duen eredua sustatzen ari dira Hego Euskal Herrian”.

Horren aurrean, burujabetasun politiko eta ekonomikoa aldarrikatu du berriz ere Amaiurreko diputatuak. “Krisiari aurre egiteko gure tresna propioak izan behar ditugu eta hori, indar soberanista eta progresisten gehiengoaz soilik lortuko dugula” esan du Rafa Larreinak.

@ehbilducongreso