Nafarroa Bizirik elkarteak ekitaldia egin behar zuen bihar, Dipuatuen Kongresuko Clara Campoamor aretoan, gure Herriaren historiaren eta duela 500 urteko konkistaren bere ikuspegia (nafar askor eta askorena ere bai) azaltzeko, baina Kongresuko Mahaiak debekatu egin du. Debeku horren aurrean, Amaiurrek ondokoa adierazi nahi du:

Beste behin, agerian geratu da PPren eta UPNren jarrera totalitarioa, Euskal Herriko, zehatzago esanda Nafarroako, historiaren inguruko eztabaida bat Diputatuen Kongresuan gauzatzea ezerezean utzi duelako. Zentsura jarduera argi baten aurrean gaude, nahiz eta hori PPk bakarrik defendatzen dituen argudio barregarriekin estali nahi izan.

PPren eta UPNren helburua da edozein ahots disidente isilaraztea, Espainiako historia ofiziala zalantzan jartzen duen edozein ahots isilaraztea, eta hori egiteko, gezurra eta manipulazioa erabiltzen dute. PPk eta UPNk aniztasuna ez dutela aitortzen ageri-agerian geratu da. Beren Estatu eredua inposatzeko ahaleginari tinko eusten diote bi alderdi horiek.

Gure ustean, horren atzean dago egiazko debateari eta ideien aurkezpenari PPk eta UPNk dioten beldurra. Jakin badakite beren bertsioa (ofiziala) ez dela ezelango datu historiko zorrotzetan oinarritzen, ez bada irabazleen, hau da, konkistatzaileen, irakurketa historikoan.

Zentzu horretan, konkistatua izan ondorengo 500 urteotan Nafarroak bizi izan duen errealitatea jasotzen duen dokumentazio asko dago, eta hori nabarmendu nahi genuen. Hona hemen horren adibide batzuk:

Ez al da bada egia Iruñearen gaineko setioaren azken txanpan, 8.000 biztanle zituen orduan, 12.000 soldadurekin ari zen Albako Dukeak mehatxu hau esan zuela: “Baldintzarik gabe beren burua entregatzen dute, beren ondasun guztiak nire esku utziaz..., edo jakin bezate hirien setioetan gertatzen dena pairatu beharko dutela: hilketak, adinari zein sexuari begiratu gabe; ondasunei su ematea, elizarenak zein pribatuak eta ondasun guzti-guztien arpilatzea”.

Ez al da bada egia Luis Correa Albako Dukearen kronistak Villalva koronelak esandakotik jasotakoa: “Su hartu zuten herriak izan ziren, ehunka nafarrek alde egin zuten, emakumeak bortxatu zituzten, ondasunak bereganatu ziren, desterruak izan ziren, exekuzioak...”.

Aurreko lerroetan deskribatutako giroarekin, norbaitek pentsa dezake bere borondatez bat egin zutela ezarritako erregimen berriarekin? Edo, azken 500 urteotan Espainiako estatu konkistatzaileari egin zaion gaitzespenaren adibide argiak dira. Noizbait galdetu al zaie nafarrei zer izan nahi duten?

Konkista eta borondatezko eranstea ezin dira parekatu, lehendabizikoa mina eta sufrimendua eragiten duten ekintza biolentoa denean.

UPN, PP, Nafarroako Gobernua eta Espainiako estatua zorretan daude nafar herriarekin, duela 500 urte. Egia eta Nafarroako gizarte guzti-guztiari konkistak egindako min guztiaren aitortza zor diete. 500 urteko konkistaren eta menderatzearen ondoren, errespetatuko du Espainiako estatuak beren etorkizuna erabakitzeko nafarrek duten eskubidea?

Aurretik esandako guztiak baieztatzen du Estatu ahul baten aurrean gaudela, zenbait politikarik azkar asko jokatzen dutelako aniztasunaren aurka, baina motelak eta eraginkortasunik gabeak dira beren herriak dituen arazoen bideratzeari aurre egiteko.

Amaiurretik, inork ez dezala horren zalantzarik izan, memoria eta egia, %100ean aldarrikatzen jarraituko dugu.

@ehbilducongreso